EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
I25
Idoia Mendia babestuta sentitzen da eta ez du dimititzeko asmorik
Jeltzaleekin akordioetara heltzeko prest dauden galdetuta, Mendiak esan du EAJrekin hitz egin ostean erabakiko dutela beren jarrera.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak ziurtatu duenez, I25eko hauteskunde emaitzen ondoren alderdiaren babesa jaso du eta ez du dimititzeko asmorik.
PSE-EEk zuzendaritza bilera egin du gaur goizean eta bilera amaituta sozialisten emaitzak hizpide izan ditu kazetarien aurrean egindako prentsaurrekoan. Sozialistek Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan inoiz izandako emaitzarik txarrenak lortu zituzten igandean eta 9 eserleku izango dituzte aurrerantzean, duela lau urte baino zazpi gutxiago.
Dimititzeko eskatu ote dioten galdetuta, PSE-EEko buruak guztiz ukatu du. "Kanpainan eta hauteskundeen ondorengo orduetan erakundearengandik babestuta sentitu naiz une oro, eta zuzendaritzako kideen, alderdikide askoren eta PSE-EEko udal talde askoren babesa eta animo mezuak jaso ditut", gaineratu du.
Halaber, Espainian eta Euskadin ere kongresua izango dela eta orduan guztia berrikusteko garaia izango dela azpimarratu du.
EAJrekin gobernu akordioetara heltzeko prest ote dagoen galdetuta, Idoia Mendiak esan du jeltzaleek ez diotela oraindik deitu bilera bat hitzartzeko deitu. "EAJk irabazi ditu hauteskundeak eta berari dagokio bere lehentasunak zein diren argitzea eta proposamenak egitea", adierazi du. Ildo horretan, azaldu du EAJrekin hitz egindakoan erabakiko dutela beren jarrera. "Bederatzi legebiltzarkide gara eta gobernagarritasunerako giltzarri izango gara", nabarmendu du.
Sozialistek Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan emaitza txarrak lortu dituztela esanez hasi du agerraldia Mendiak eta hiru arrazoi aipatu ditu: Ahal Duguren agerraldia, parte-hartzearen beherakada eta Espainiako egoera politikoa. Edozein kasutan, ziurtatu du ez duela erantzukizunik saihestu nahi eta aitortu du ez direla gai izan beren hautesleria mobilizatzeko.
Bestalde, PSE-EEk urriaren 5erako nazio batzarra deitu du hemendik aurrera egin beharrekoa erabakitzeko eta egungo egoerari buelta emateko neurriak hartzeko.