EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
Kontratu 'etikoa'
EH Bilduk Legebiltzarreko eta Gobernuko kideen soldatak jaitsiko ditu
EH Bilduren hautagaitzako kideek kontratu "etiko" bat sinatu dute hedabideetako ordezkarien aurrean, eta lan zintzoa, leiala eta gardena egiteko konpromisoa hartu dute.
Erredakzioa
EH Bildu hautagaitzako kideek kontratu "etiko" bat sinatu dute hedabideetako ordezkarien aurrean, eta lan zintzoa, leiala eta gardena egiteko konpromisoa hartu dute. Gainera, Gobernuko eta Legebiltzarreko kideen soldatak jaitsiko dituztela iragarri dute.
Gainera, EH Bilduk sinatutako testuaren arabera, legebiltzarkideen "aparteko dieten ordainketa sistematikoa" desagerraraziko dute. Hala ere, Laura Mintegi lehendakarigaiak azaldu duenez, ez dituzte dieta guztiak kendu nahi, baizik eta faktura bidez justifikatuta ez daudenak.
Dokumentu horrekin EH Bilduk lan egiteko metodoa elkarrizketan oinarritzeko konpromisoa ere hartu du.
"Beti bere autonomia errespetatuz”, gizarte-agenteen benetazko partaidetza baterako bide berriak irekitzea hitzeman dute. Horrez gain, EH Bilduko ordezkari bakoitzak bere ondarearen aitortza bat egin beharko du kargua hartu eta uzten duen momentuan.
Beren lan publikoaren baitan, kargu publikoek ezingo dute zuzenean interes ekonomikoa edota pertsonala duten erabakietan parte hartu. Gainera, zuzenean edo zeharka, ezingo dute beren lanari esker lortutako informaziorik erabili, eta ez dituzte beren neutraltasuna baldintzatu dezaketen inolako oparirik, dohaintzarik ezta gonbidapenik jaso ahal izango.
Dokumentu etiko horren beste puntu batean, EH Bilduk aurkariak desprestigiatu edota beren bizitza pertsonalaren inguruko informazioak kaleratzea errefusatuko du.
Azkenik, koalizioak emakumeen eskubideak errespetatuak izan daitezen lan egingo du, “maskulinotasunaren mistika alde batera utziz”.