EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
U-21
Basagoiti: 'Boto-txartel bi daude; independentzia edo PP'
PPren lehendakarigaiak botoa eskatu die euskal herritar eta espainiar sentitzen direnei, eta independentzia nahi ez dutenei.
Erredakzioa
"Eusko Legebiltzarrerako urriaren 21eko hauteskundeetan, herritarrek bi boto-txartel bakarrik izango dituzte aukeratzeko: EAJk ordezkatzen duen independentziaren aldekoa eta Espainian egotearen lasaitasuna ordezkatzen duen PPren aldekoa". Hala adierazi du Antonio Basagoiti PPren lehendakariagaiak Bilbon egin duen kanpaina hasierako ekitaldian.
"Zu ez bazoaz, haiek irabaziko dute" lelopean, Bilbon, EHUko paraninfoan, egin du Alderdi Popularrak hauteskunde kanpaina hasierako ekitaldia. Iñaki Oyarzabal eta Arantza Quiroga, hurrenez hurren, Arabako eta Gipuzkoako zerrendaburuak ondoan zituela, euskal herritar eta espainiar sentitzen direnei hitz egin die Basagoitik, egoera ekonomikoa edo beste edozein gai alde batera utzita. Urriaren 21eko hauteskundeak "oso garrantzitsuak" eta "erabakigarriak" direla esan du PPren lehendakarigaiak, eta, horren ildoan, abertzale guztiek, EAJ zein EH Bildu alderdiko hautesleak izan, bozkatzera joango direla nabarmendu du.
"Bozkatzen ez baduzu, beste batzuek erabakiko dute", ohartarazi du Basagoitik. Inkestek PPren aldeko benetako boto asmoa islatzen ez dutela azpimarratu du Basagoitik, eta urriaren 21etik aurrera, Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigariak Artur Mas Generalitateko presidentearen aldarrikapena gaindituko duela gaineratu du.
Hauteskunde kanpaina irailaren 11n, Bartzelonan egin zen Diada eguneko manifestazioarekin, hasi zela adierazi du hautagai popularrak, eta, horren harira, EAJk buruan Katalunia besterik ez duela esan du. Independentziak "porrota, liskarra,euskal enpresentzat aduanak eta Europatik kanpo" gelditzea ekarriko duela nabarmendu du. "Guk ez dugu Euskadi Espainiatik eta eurotik kanpo nahi", gehitu du.
Anton Damborenea Bizkaiko zerrendaburuak EAJrekin egindako itunak ekarri ditu gogora; Lizarrako akordioa, besteak beste. Hain justu, PPren helburuetako bat Bilbon berriro irabaztea (2000ko hauteskunde orokorretan lehen indarra izan zen Bilbon) dela esan du Danboreneak.
Informazio osagarria: Antonio Basagoiti Euskadi Preguntan