EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

Inkesta

EAJk 27 legebiltzarkide izango ditu eta EH Bilduk 21-22, CISen arabera

Egun Jaurlaritzan dagoen PSE-EEk 14 legebiltzarkide lortuko dituela aurreikusi du inkestak, eta atzetik geratuko dira PP 9 edo 10 legebiltzarkiderekin, eta Ezker Anitza, 3rekin.

Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaia. Argazkia: Efe
Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaia.
CISen arabera, EAJk irabaziko ditu hauteskundeak, botoen % 36 lortuta

01:49

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk irabaziko ditu EAEko urriaren 21eko hauteskundeak eta bigarren indarra EH Bildu izango da, CIS Ikerketa Soziologikoen Zentroak egindako inkestaren arabera. Ikerketa horretan agertzen denez, jeltzaleek 27 legebiltzarkide eskuratuko dituzte, eta koalizio abertzaleak 21 edo 22.

Egun Jaurlaritzan dagoen PSE-EEk 14 legebiltzarkide lortuko dituela aurreikusi du inkestak, eta atzetik geratuko dira PP 9 edo 10 legebiltzarkiderekin, eta Ezker Anitza, 3rekin.

Hori horrela, egun Legebiltzarrean ordezkari bat duen UPyDk ez du legebiltzarkiderik izango.

Bizkaian Iñigo Urkulluren EAJ izango da garaile botoen % 42,4 eta 12 eserleku lortuta. Laura Mintegi buru duen EH Bildu izango da bigarren, botoen % 19,2 eta 5 parlamentari eskuratuta. PSE-EEk, botoen % 17,4rekin, EH Bilduk adina legebiltzarkide lortuko ditu, 5. PPri bi legebiltzarkide emango dizkio Bizkaiak, eta Ezker Anitzari bakarra.

Gipuzkoari dagokionez, EH Bilduk irabaziko du bertan, eta botoen % 34,8 eta 9 edo 10 legebiltzarkide lortuko ditu. Bigarren indarra izango da EAJ botoen % 31,9 eta 9 parlamentarirekin. PSE-EEk botoen % 16,6 eta lau parlamentari eskuratuko ditu. PPri 1 edo 2 legebiltzarkide emango dizkio Gipuzkoak, eta Ezker Anitzari bakarra.

Azkenik, Araban ere EH Bilduk jasoko du boto gehien, % 24,7 hain zuzen ere, eta 7 eserleku lortuko ditu. EAJk ia beste hainbeste boto eskuratuko du, % 24, baina sei legebiltzarkide lortuko ditu, PPk bezalaxe (botoen % 22). Patxi Lopez lehendakarigaiaren PSE-EEk botoen % 18,1 eta 5 eserleku jasoko ditu eta Ezker Anitzak hartuko du geratzen den azken legebiltzarkidea.

EAJ-EH Bildu Jaurlaritza eta Urkullu lehendakari

Inkesta erantzun dutenen % 65ek botoa ematera joateko asmoa agertu du, eta % 61ek badaki nori eman botoa.

Herritarren % 73k aldaketa nahi du Jaurlaritzan, eta % 29,2k EAJ-EH Bilduk osatutako Jaurlaritzaren aldeko apustua egin du; % 23,8, berriz, EAJ-PSEren alde.

Ia lautik batek, % 24,3k, Urkullu nahi du lehendakari. Mintegi lehendakari ikusi nahi dutenak ehundik 13,5 dira, eta egungo lehendakariarekin jarraitu nahi dutenak % 12,9.

PPk gehiengo osoari eutsiko dio Galizian

PPk gehiengo osoari eutsiko dio Galizian urriaren 21eko bozetan. PPk 75 parlamentarietako 38 lortuko ditu, gehiengo osoari eusteko behar den gutxienekoa hain zuzen ere. PSGk 23 edo 24 eserleku lortuko ditu, CISek Galiziako hauteskundeen inguruan egin duen inkestak dioenez.

Horien atzetik geratuko da BNG 13 edo 12 eserlekurekin, eta EU-ANOVAk Parlamentuan sartzea lor dezake.

CISen aurreikuspena betetzen bada, PPk egungo babes kopuruari eutsiko lioke, eta PSdeGk 1 edo 2 gal ditzake.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea