EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
U-21
Izagirre: 'Gutxiengodun Gobernua izateak Exekutiboa gastatu egin du'
Donostiako Udal Gobernuko kideekin batera, Izagirrek EAEko hauteskundeetako emaitzak baloratu ditu.
Erredakzioa
“Krisi garaian gobernatzeak” eta “gutxiengodun Gobernua izateak ” Donostiako Exekutiboa “gastatu” egin dutela onartu du Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak, Gipuzkoako hiriburuan koalizioak izandako jaitsiera baloratzeko agerraldian.
Donostiako Udal Gobernuko kideekin batera, Izagirrek EAEko hauteskundeetako emaitzak baloratu ditu.
Eusko Legebiltzarrean gehiengo abertzale bat izatea “oso albiste ona” izan dela azpimarratu du Izagirrek. Lortutako emaitzengatik EAJ zoriondu du eta EH Bilduren emaitzak ere “oso onak” izan direla goraipatu du (21 eserleku lortu ditu koalizioak).
Donostiako emaitzen inguruan, Izagirrek esan du datuak ezin direla Foru eta Udal hauteskundeetakoekin parekatu. Hala ere, emaitzak “hor daudela” onartu eta bere Gobernuak “aztertu” egingo dituela esan du. “Autokritika egingo dugu eta emaitza horiek izan ditzaketen ondorioak aztertuko ditugu”.
“2011ko hauteskundeetako boto kopurua mantendu dugu, gutxi gora behera, baina, iazko hauteskunde orokorrekin alderatuz, Donostian 2.600 boto galdu ditugu”, onartu du.
PSEk lortutako datuak eta gureak oso antzekoak izan dira eta PPk nabarmen egin du behera”, adierazi du. EAJk lortutako boto igoera “azpimarragarria” dela esan du, “udal hauteskundeetan baino 13.000 gehiago” izan baititu”.
Gobernatzen ari den herrietan botoak galdu dituela onartu du Izagirrek, baina “gutxiengodun Gobernuak” direla eta “krisi garaian” gobernatzen ari direla nabarmendu du. Horrek “eraginik” izan dezakeela aipatu du.