EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
Elkarrizketa
PPk ez du 'inola ere' Urkulluren alde bozkatuko inbestiduran
Horixe iragarri berri du PPren EAEko presidenteak. Basagoitiren arabera, "krisitik ateratzeko" duten proposamena "oso bide desberdinetik doa".
Erredakzioa
Antonio Basagoiti PPren EAEko buruak iragarri du bere alderdiak ez duela "inola ere" Iñigo Urkullu EAJren hautagaiaren aldeko botoa emango lehendakariaren inbestidura ekitaldian, dituzten eredu ekonomiko eta instituzionalak desberdinak direla argudiatuta.
Basagoitik Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, elkarrizketarako eta alor jakin batzuetan akordioak lortzeko prest daude, baina errefusatu egin du Urkullu lehendakari izan dadin, aldeko botoa ematea, abenduaren 12 eta 13ko inbestidura saioetan.
"Inola ere ez dut Urkullu babestuko. Krisitik ateratzeko dugun proposamena oso bide desberdinetik doa", azpimarratu du buruzagi 'popularrak'.
Basagoitiren esanetan, "gezurra" da eredu ekonomiko berdinak dituztela, PPren proiektua "zabala, espainiarra, europarra eta etorkizunari begirakoa" delako, eta EAJrena, Euskal Herri "txiki eta itxiarena".
"EAJk, azkenean, beti ematen die lehentasuna gauza txikiei, zaharkitu eta baztertzaileei", gaineratu du.
Gainera, Urkulluk bere garaian Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidente ohiaren politika ekonomikoak babesten zituela gogorarazi du.