Albisteak -

Elkarrizketa

Gardiazabal:'Euskadik zuzendu behar du Europako industriaren aldaketa'

Bestalde, europarlamentari sozialistak uste du Europar Batasunean ez dela estatu berririk sortuko datorren legegintzaldian eta "nazionalismoa egun bizi garen munduarekin bateragarria" ez dela esan du.

Eider Gardiazabal PSEko europarlamentaria.
Eider Gardiazabal PSEko europarlamentaria.
Eider Gardiazabal PSEko europarlamentaria.

Gaizka Palacios | eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eider Gardiazabal (Bilbo, 1975) eurodiputatu sozialistak bigarren legegintzaldiari ekingo dio Europako Parlamentuan. 2009tik, Sozialisten eta Demokraten Aliantza Progresista Taldeko partaide da. Aurrekontuen Batzordeko presidenteorde eta Garraio Batzordeko kide moduan lan egiten du.

- Herritarrek urrun sentitzen dute Europa. Zer esango zenioke maiatzaren 25ean bozkatzeko zalantza duenari?

Europar Batasunaren aurkako kritikak azken urteotan krisiari aurre egiteko hartu dituen erabakien ondorio dira. Europar Batasuna eskuinak zuzentzen du, murrizketa sozialak egin ditu, murrizketa izugarriak eta errezeta neoliberalen aldeko apustua egin du. Herritarrak ez daude proiektu europarraren kontra, proiektu hori zuzentzen dutenen aurka baizik.

Hauteskunde hauetan, aurrekoetan bezala, datozen bost urteetan lidergoa nork izango duen erabakiko da eta, ondorioz, abian jarriko diren politika-motak zeintzuk izango diren. Herritarrek, botoen bidez, Europan eszeptikoek, abertzaleek edo kontserbadoreek aginduko duten erabakiko dute.

Ezkerreko Parlamentu bat izatea, solidarioagoa, humanoagoa eta Europar Batasunaren norabidea aldatuko duena posible da, eta hori hala izatea herritarren esku dago.

- Krisi ekonomikoa ondo kudeatzen ari al da Europa?

Zalantzarik gabe, ez. Prozesu horretan Europa osoa inplikatzea ezinbestekoa da. Europa honen baitan lehendabizi erakundeak daude, Europar Batzordea eta Europako Banku Zentrala buru direla. Baina erakunde horiek doktrina neoliberala alboratu behar dute eta eskura dauden mekanismo guztiak aktibatu behar dituzte, langabezia-tasa murrizteko, enpresa txiki eta ertainen finantzazioa handitzeko eta hezkuntzan, ikerketan eta berrikuntzan inbertsioak egiteko.

Horrez gain, Europako herrialde ezberdinetako gobernuek euren jarrera aldatu behar dute, eta krisia gainditzeko biderik onena gainerako estatuekin elkarlanean aritzea dela ohartu behar dira.

Azkenik, herritarren jarrera ere aldatzea beharrezkoa da. Gizartearen haserrea Parlamentuaren osaketa ezberdin batean irudikatu behar da. Datorren maiatzaren 25ean haserre dauden herritarrak etxean geratzen badira, Parlamentuaren eserleku banaketa ez da erreala izango, ez du gizartea ordezkatuko, eta murrizketak eta erreskateak lanabes dituen eskuinak berriro irabaziko du Europan. Europako herritarrok ezin dugu horrelakorik onartu.

- Euskadik ze erronka ditu Europan?

Nire ustez, Euskadiren erronka nagusia proiektu europarra sustatzen jarraitzea eta proiektu horretan modu aktiboan parte hartzea da. Europar Batasuna ez da irabazleak eta galtzaileak dituen lehia egitasmo bat; proiektu solidarioa eta kooperatiboa da. Euskadik zuzendu behar du Europako industriaren aldaketa. Teknologian  eta berrikuntza oinarritutako industria behar du Europak, munduarekin kalitatean lehiatuko dena, eta ez prezioetan.

Beste erregio batzuentzat erreferente gara eta gure esperientzia konpartitu egin behar dugu, horrek onurak ekarriko baitizkigu.

Horrez gain, Euskadik beste hainbat errokan ditu datozen bost urteotarako: 'Euskal Y'a, Atlantikoko arkua, arrantza-politika, fiskalitatea, demografia-arazoa, immigrazioa...

- Datorren legealdian Estatu berriak ikusiko al ditugu Europan?

Ez. Europar Batasunaren baitan behintzat ez. Hala adierazi dute Europar Batzordeko kide ezberdinek. Europan independentziaz hitzegitea apur bat paradoxikoa da, proiektu europarra ez baita horretan oinarritzen. Alderantziz, herrialde bakoitzak subiranotasun nazionalaren zati bat Europako estamentuen esku uzten du gai globalei irtenbide eraginkorragoa emateko asmoz. Nazioarteko elkarlan horrek independentzia aldarrikatzeko printzipio nazionalistekin talka egiten du. Nazionalismoa bateraezina da egun bizi garen munduarekin, baita ulertezina ere. Independentisten ametsak, ametsak baino ez dira; jendeak benetan nahi duena arazoak konpontzea da.

- Bakegintza eta Normalizazio prozesuari dagokionez, zer egin behar du Europak? Ze mailako aktore izan beharko litzateke?

Europako Parlamentuak eta Europar Batasunak Euskadiko bakegintzan paperik izan behar ez dutela uste dut. Europako erakundeek uste dute tokian tokiko arazo bat dela eta bakea sendotzeko lanean jarrai dezagula baino ez dute nahi.

Gai honetaz berba egiten denean, Ipar Irlandarako PEACE programa aipatzen da askotan, baina horrek ez zuen bakea eraman Ipar Irlandara. Ekonomikoki eta sozialki egoera larrian zeuden zona batzuetara bideratutako diru-laguntzetan oinarritzen zen programa hori.

- Bukatzear duzun lehen legegintzaldi honetan, zer geratu zaizu egiteko?

Legegintzaldi oso intentsua izan da. Alde batetik, krisiaren legegintzaldia izan da, eztabaida eta proposamen ugari izan ditugu, besteak beste, bankuen batasunarena. Bestalde, programazio-aroa amaitu dugu legegintzaldi honetan eta, ondorioz, hainbat politika berregin ditugu: nekazaritza, arrantza edo erregio politikak, adibidez.

Dena dela, asko daukagu egiteko, ez soilik ekonomiari lotutako gaietan, baita immigrazioa, energia, aldaketa klimatikoa, industria, garapena edo kanpo-politika bezalako alorretan ere.

Azken bost urteotan Europar Batasuneko aurrekontuetan murgilduta izan naiz, urteko aurrekontuetan nahiz datozen zazpi urteetarako zehaztutakoetan. Aurrekontuen Batzordean gero eta ardura gehiago hartu ditut eta aurten 2015eko aurrekontuaren txostengile izendatu naute, hau da, Europar Batasunaren aurrekontua egin eta behin betiko aurrekontua 28 estatu-kideekin negoziatu beharko dut.

Horrenbestez, datorren legegintzladian ere Aurrekontuen Batzordean egingo dut lan. Helburua gizartearen beharrizanak hobeto beteko dituen aurrekontua prestatzea izango da, hezkuntzari, enpresa txiki eta ertainen finantzazioari eta gazteen langabezia-tasari aurre egiteko planei diru gehiago bideratuta.

Ildo horretan, 2019 eta 2020 urteetarako aurreikusita zeuden inbertsioak 2015era eta 2016ra aurreratzeko eskatu diet Europako Batzordeari eta 28 estatu-kideei; izan ere, finantzazioa orain behar dugu eta ez bost urte barru.

- Europarlamentarioak  'ondo, lan gutxi eginez'  bizi direla uste duenik bada gaur egun. Erakutsi iezaguzu zure agenda; zein da zure eguneroko lana?

Horrelakoak entzutea mingarria da. Agian, Europar Batasuna sortu zenean, bertara joatea erretirotzat jo zitekeen, orduan EBk ez zuelako eskumenik. Baina orain Europako Parlamentua erabakigarria da eta hainbat gaietan eskumenak ditu.

Aurrekontuen Batzordeko presidenteordea eta Garraio Batzordeko kidea naiz. Egun guztia bileraz bilera nabil, talde politikoekin, Europako Batzordearekin, elkarteekin, enpresekin...

Talde ezberdinak Bruselara datozenean, ez dituzte erretiroa hartzera etorri diren edo denbora librea duten politikariak ikusten; salak eta pasabideak jendez beteta ikusten dituzte, eguneko eginkizun guztiak egin ahal izateko korrika eta presaka dabilen jendea.

Egunero 1.000 posta elektroniko baino gehiago jasotzen ditut, informazio garrantzitsuarekin, eskakizun zehatzekin, zuzenketekin, azken orduko bilerekin... Beraz, erretiroaz hitzegitea ez da zuzena, are gutxiago gure eginkizuna herritarren bizitzan eragiten duten erabaki garrantzitsuak hartzea denean. Gure lanari buruz horrelakoak esatea Europako erakundeetan egiten den lan eskerga ez ezagutzearen ondorio da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea