Albisteak -
Hauteskunde kanpaina
Javier Arenas: 'Espainiaren kohesioa Bruselan ere defendatu behar da'
PPko senatariak "Rajoyren aldeko botoa" eskatu du, Espainiako Gobernuko presidenteak "langabeziaren aurka" egin baitu borroka.
Erredakzioa
Javier Arenas PPko sentariak "Espainiaren kohesioa Bruselan ere" defendatu beharra dagoela adierazi du, Barakaldon (Bizkaia) eskainitako mitin batean. "Europako PPk estatu-nazioak defendatuko ditu", gaineratu du.
Horren esanetan, PPk "ohore handiz babestuko du Espainiako Konstituzioa", eta Europa "espainiarragoa" izatea aldarrikatu du, Espainia "indartsuagoa" izanda.
Europako hauteskundeetako botoa "Rajoyren aldekoa" izatea ere eskatu du, Espainiako Gobernuko presidenteak "2011ko hauteskunde orokorretan jasotako agindua bete egin baitu", hau da, "langabeziaren aurka borroka egitea".
Arenasek adierazi duenez, maiatzaren 25eko hauteskundeetan "eredu sozial europarra" ere hautatuko dute. "PPk enplegua sortuz defendatzen du eredu soziala, eta PSOEk handitu egin du langabezia, eta pentsioak eta osasun sistema porrotera eraman ditu", salatu du.
Ekitaldi berberean, Carlos Iturgaiz euskal hautagaiak Europa "tribala" izatea nahi dutela egotzi die "Espainiarekin harremana hautsi nahi duten independentistei".
Gainera, Anton Damborenea Bizkaiko PPko presidenteak bozkatzera joateko deia zabaldu du. "Hala egin ezean, besteek erabakiko dute, eta badakigu Bilduk lortuko duena; galarazi egin behar dugu hori", esan du.
Ekitaldian Zoe Nubla hautagaiak, Amaya Fernandez Barakaldoko PPko bozeramaileak eta Arantza Quiroga EAEko PPko presidenteak ere hartu dute parte.
Rajoy: "PPk konpondu egingo du besteek hausten dutena"
Bestalde, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak aurrenekoz hartu du parte kanpainan, Zaragozan, eta PPk "besteek hausten dutena" konponduko duela nabarmendu du.
Agintariak "aholkuak" eman nahi izatea leporatu dio PSOEri, eta "ontzia" sozialistek "hondoratu" zutela adierazi du.