Albisteak -

Hauteskunde kanpaina

Bere lana 'ez errespetatzea' egotzi dio Bilbaok Quirogari

Hautagai jeltzaleak EAJ "erabakigarria" izango dela nabarmendu du.

EAJren ekitaldia, Gasteizen. EiTB
EAJren ekitaldia, Gasteizen. EiTB
EAJren ekitaldia, Gasteizen. EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Izaskun Bilbao EAJren Europako hauteskundeetarako hautagaiak maiatzaren 25ean bozkatzera joateko eta zerrenda jeltzalea babesteko deia egin du. "Zail jarri digute, Europan Estatuko bi alderdi nagusiek alderdi-bitasuna bizirik mantendu nahi dutelako, horientzat oztopo gara; horregatik, Arantza Quiroga EAEko PPko presidenteak nire aurka egin du; nik errespetatu egiten dut horren lana, baina berak nirea ez", deitoratu du.

Gasteizen egindako ekitaldi batean, "diputatu bakarrarekin ezin daitekeela ezer egin" esan izana leporatu dio Bilbaok Quirogari. "Popularrek badakite batzuek ezer gutxi egiten dutela, eta nahiago dute besteok egiten duguna ez ikustea", esan du.

Hautagai jeltzalearen esanetan, EAJ "giltzarri" izango da sozialisten eta popularren artean "epaile" izateko. "Horregatik deitzen digute, erabakigarriak garelako, eta egin daitekeenaren eta eurek egiten ez dutenaren adibide baikara", nabarmendu du.

Bestalde, Gorka Urtaran EAJren Gasteizerako alkategaiak Europako erakundeen garrantzia goratu du, eta PSEk, PPk eta EH Bilduk URBAN proiektuari "kalte" egin diotela kritikatu du.

"2007. urtean, Gasteizko Udalak Alde Zaharra suspertzeko proiektua aurkeztu zuen, URBAN ekimen europarraren baitan. Orduan, Eskualde Garapenerako Funts Europarraren (FEDER) bitartez, Europak 16 milioi euroko inbertsioak onartu zituen gure Alde Zaharrarentzat, eta, horietatik, Europak % 50 ematen zituen", gogorarazi du.

Zazpi urteren ostean, eta URBAN plana amaitzeko zorian dagoen honetan, PSEk, PPk eta EH Bilduk proiektua gauzatzea "atzeratzea" eragin dute, Urtaranen esanetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV Gipuzkoa