Albisteak -
Hauteskunde kanpaina
PSOEk eta PPk 'ukoak eta ezezkoak' ematea salatu du Urkulluk
Lehendakariak Gernikako Estatutua "osorik betetzea" eskatu dio Espainiako Gobernuari.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariaren esanetan, EAJ ez dago "bakartuta" Europan, Europako Alderdi Demokrataren baitan baitago, eta ukatu egin du alderdi jeltzalea "kontserbadorea" dela.
Urkullu Durangon (Bizkaia) izan da, Andoni Ortuzar EAJko presidentearekin eta Izaskun Bilbao Europako hauteskundeetarako lehen hautagai jeltzalearekin.
Lehendakariak adierazi duenez, Europaren Aldeko Koalizioa baino gehiago partekatzen du Artur Mas Kataluniako Generalitateko presidentearekin. Izan ere, biak "iparraldekoak" dira, eta "hegoaldearen" [PP eta PSOE] partez "erresistentzia, ukoak, ezezkoak, isiltasunak eta mespretxuak" jasotzen dituzte.
Arantza Quiroga EAEko PPko presidentea Europan Kontzertu Ekonomikoa eta Gernikako Estatutua defendatzeko prest agertu dela eta, Urkulluk "berandu" heldu dela esan du. Horren haritik, PPk Estatutua "defendatu" baino gehiago, Espainiako Gobernuak "osorik bete" egin beharko lukeela iritzi dio.
Bestalde, industriak Euskadiren "motorra" izaten jarraitu behar duela nabarmendu du Andoni Ortuzarrek, eta sektore horretan lanpostuak sortzeak "luze" emango duela gaineratu du.
EAJko presidentea pozik agertu da lanpostua lortu duten espainiarren aurrean, baina "normal" iruditzen zaio Espainian Euskadin baino gehiago jaistea langabezia, "guk baino langabe gehiago dituztelako".