Albisteak -
Hauteskunde kanpaina
Krisia piztu zutenen aurka egitea eskatu dute Schulzek eta Valencianok
Bestalde, PSE-EEk sozialisten alde bozkatzea eskatu du, "gauzak aldatzen hasteko".
Erredakzioa
Martin Schulz Europako Batzordeko presidenterako hautagai sozialdemokratak Europako paradisu fiskalak ixteko borroka egingo duela adierazi du. Gainera, lanpostua edukitzea "zortea" baino gehiago, "duintasun" kontua izan beharko litzatekeela iritzi dio.
Schulz Malagan (Andaluzia) izan da igande honetan, PSOEk Europako hauteskundeetako kanpainaren barruan deitutako ekitaldi batean. Berarekin batera, Elena Valenciano hautagai sozialista eta Susana Diaz Andaluziako PSOEko burua ere izan dira.
Mitinean, buruzagi alemaniarrak "haserrea" krisi ekonomikoa sortu dutenen aurka bideratzea eskatu die herritarrei, "eta ez beste herrialde edo herri batzuen kontra".
Bestalde, Elena Valencianok Europako eta Espainiako sozialdemokratak batzeko deia egin du, Europan agintea duten eskuindarrei aurre egiteko. "Poliki-poliki, dena kendu digute", ohartarazi du.
Bilbon, Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak maiatzaren 25eko aukerak bi direla adierazi du: kontserbadoreen alde bozkatzea, "zorroztasun politikei jarraipena emateko", edo progresisten alde egitea, "hazkunde ekonomikoaren bidean gauzak aldatzen hasteko".
Burgosko Gamonal auzoan, Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiak auzo honetan herritarrek udal proiektu bat geldiarazteko egin zituzten mobilizazioak adibide gisa jarri ditu, "herritarrek gauzak alda ditzaketela" erakusten dutelako.