Albisteak -
Hauteskunde kanpaina
PPk ustelkeria 'ordaindu' arte ez direla geldituko esan du Cayo Larak
PPren ustezko ustelkeria sarea "Espainiako demokraziaren historiako handiena" dela salatu du IUko buruak.
Erredakzioa
Cayo Lara IUko koordinatzaile nagusiak ohartarazi duenez, bere alderdia ez da "segundo bat ere geldituko" PPk ustelkeria "ordaindu" arte, alderdi horretako ustezko ustelkeria sarea "Espainiako demokraziaren historiako handiena" baita.
Larak ekitaldia izan du Bilbon, Willy Meyer IUren Europaren hauteskundeetarako hautagaiarekin batera. Bertan, PPren ustelkeria sarean "erantzukizun politikoak eta penalak" egon behar direla aldarrikatu du.
IUko koordinatzaile nagusiaren esanetan, Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epaileak "egiaztatu egin du PPn legez kanpoko finantziazioa eta gainsoldatak egon direla". "Gero eta froga gehiago daude", gaineratu du.
Cristobal Montoro Espainiako Gobernuaren Ogasun ministroak pertsona fisikoen gaineko zergaren tarteak zazpitik bostera jaitsiko dituela eta, Larak "hauteskunde kutsua" duen iragarpena dela iritzi dio.
"Andaluziako latifundisten hautagaia, Cañete, eta horren bigarrena (Esteban Gonzalez Pons, baina ez dute izena aipatu), gezurteroen txapelduna, salbatu nahi dituzte", adierazi du.
IUko buruaren ustez, Montorok eztabaida beste gai batzuetara desbideratzeko, hau da, "Espainian dagoen iruzur fiskala" ez aipatzeko, egin du iragarpena.
Bestalde, Willy Meyerrek salatu egin du hurrengo hauteskunde orokorren ostean PPk eta PSOEk koalizio gobernua osatuko dutela, Alemanian, Grezian, Italian eta Europako beste hainbat herrialdetan "sozialistek eta eskuinak" egin bezala.