Albisteak -
Hauteskunde kanpaina: EH Bildu
Hauteskundeak 'aurrera egiteko' erabiltzea nahi du Juaristik
EH Bilduren aldeko botoa "erregimenaren aurkako boto bakarra" dela esan du hautagai abertzaleak.
Erredakzioa
Josu Juaristi EH Bilduren eta Herriek Erabaki koalizioaren Europako hauteskundeetarako zerrendaburuak bozak "palanka" gisa erabiltzeko deia egin du, "herri askea izateko bidean aurrera egiteko".
Koalizio abertzaleak ekitaldia egin du Iruñean. Besteak beste, Carme Adan BNGko kidea eta Mariano Rajoyren imitatzaile bat ere izan dira bertan.
Mitinean, Juaristik esan du Rajoyk, Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko buruak eta Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak ez dutela "EH Bildu ikusi ezta entzun ere".
"Gizartea eraldatzeko lanean gaudela ikustea mingarria da eurentzat, kalean gaudela ikustea mingarria da eurentzat", adierazi du Juaristik, eta EH Bilduren aldeko botoa "erregimenaren aurkako boto bakarra" dela gaineratu du.
"Maiatzaren 25etik, Europan ere ikusi eta entzun beharko diguzue", esan die Rajoryri, Rubalcabari eta Barcinari.
Bestalde, Carme Adan BNGko diputatuak salatu du azken bost urteetan 110.000 gaztek Galiziatik emigratu behar izan dutela.
"Hori da Europar Batasuneko eskuinaren politiken errealitatea", aipatu du. Izan ere, Adanen esanetan, "kapital handienen eta bankuen mesederako" eraikita dago Europa.
Adanek arbuiatu egin du "eskubide kolektiboak eta gure herrien eskubideak aitortzen ez dituen Europa", eta erabakitzeko eskubidearen alde egin du.