Albisteak -
Hauteskunde kanpaina: EH Bildu
Arraizek 'Lanpedusaren eta Melillako harresiaren Europa' errefusatu du
Sortuko presidenteak Sestaoko alkatearen polemika ere hartu du hizpde, eta "gustuko ez dituzten pertsonak zaborra direla" uste dutenen aurka egin du.
Erredakzioa
Hasier Arraiz Sortuko presidentearen esanetan, EH Bildurentzat euskal herritarrak Euskal Herrian bizi diren herritar guztiak dira. Hori horrela, errefusatu egin du "Lanpedusaren, Melillako harresiaren eta Sestaoko alkatearen Europa".
Koalizio abertzaleak ekitaldia egin du Zarautzen (Gipuzkoa), Europako hauteskundeetarako kanpainaren baitan, eta, bertan, Pello Urizar EAko idazkari nagusia ere izan da.
Ekitaldian, Arraizek hizpide hartu du Josu Bergara (EAJ) Sestaoko alkatearen auzia. Hain zuzen ere, hainbat familiak salaketa jarri dute horren aurka, etorkinak eta ijitoak ez erroldatzeagatik.
Sortuko presidenteak "gustuko ez dituzten pertsonak zaborra direla" edo etnia bat gaizkile dela uste dutenen aurka egin du. "EH Bilduren ustez, hemen bizi diren guztiak hemengoak dira, eta, horrenbestez, eskubide guztiak merez dituzte", gaineratu du.
Buruzagi abertzaleak presoak "etxera" ekartzea eskatu du, eta sakabanaketak 25 urte bete dituela eta politika horrek 16 heriotza utzi dituela ekarri du gogora.
Pello Urizarrek EAJren aurka egin du, eta "kontrolatzen ez dituen lurraldeak itotzen saiatzea" egotzi dio. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak Zarautzeko malekoia konpontzeko euro bat ere eman ez duela kritikatu du.