Albisteak -
Onarpena
Euroganberako talde liberalak UPyD eta Ciutadans onartu ditu
Halaber, Convergenciari eta EAJri kontzesio moduan, liberalek eskualdeko autogobernuari buruzko lantalde bat sortzea onartu dute.
Erredakzioa
Euroganberako talde liberalak (ALDE) UPyDko lau eurodiputatu eta Ciutadanseko bi alderdian sartzea onartu du astearte honetan. Parte diren Corvengenciaren eta EAJren kontrako boto bakarra izan dute.
Guy Verhofstadt liberalen presidentek esan duenez, alderdiak "beti onartu du barne konstituzio-ordena antolatzeko nazio Estatuen eskumena". Kataluniaren balizko independentziaren inguruko jarrerarik hartzea ez duela aurreikusi gaineratu du.
"Geure taldea ez da okupatuko Espainiako gai instituzionalez, hori Espainiaren eginbeharra da", azaldu du Verhofstadtek, bileraren osteko prentsaurrekoan. Halere, liberalen buruak Artur Mas Generalitateko presidenteari babesa emateko konpromisoa hartu du, Espainian "eraso judizialik" izanez gero. "Mas jaunarekin telefonoz askotan hitz egin dut, eta bere aurkako eraso judizialak gustatzen ez zaizkidala jakinarazi diot", esan du.
Eskualdeko autogobernuari buruzko lantalde bat sortzea
Convergenciari eta EAJri kontzesio moduan, liberalek eskualdeko autogobernuari buruzko lantalde bat sortzea onartu dute. Horrek, besteak beste, "herritarrek etorkizun instituzioanalari buruz erabakitzeko eskubide demokratikoa" aztertuko du. Talde horrekin bat N-VA alderdi independentista flamengoko 4 eurodiputatuk egin dezakete bat. Asteazken honetan bat egin dezakete ALDErekin.
EAJk jakitera eman duenez, UPyD eta Ciutadans sartzeak ez du esan nahi alderdi nazionalistak talde parlamentariotik irtengo direnik, "bi alderdiek nahi zuten moduan".
Izaskun Bilbao EAJko eurodiputatuak goraipatu duenez, "ALDEk ez du aldatzen, hobetzen baizik. Etorri behar dutenek aldatu beharko dute demokraziaren eta herritarren erabakitzeko eskubidearen aldeko apustua egiten duen taldean parte hartzeko".
"Taldeak azken urteetan demostratu duen bezala, herrien apustuei babesa eman die eta lantalde bat sortu du Estaturik gabeko nazioen arazoa Europako agendan behin betiko jartzeko", adierazi du Bilbaok.
"Guk errezeta bat dugu: elkarrizketa, negoziazioa eta demokrazia. ALDEk egoerak konpontzeko formula horri babesa ematen dio. Taldean geneukan tokia hobetu dugu, Europako Parlamentuan erabaki askoren giltza gara eta ezin izan gaituzte baztertu, nahiz eta horretan saiatu", azaldu du.
"UPyD eta Ciutadans koherenteak baldin badira, gaurtik aurrera elkarrizketa bultzatu beharko lukete. Horixe nahi dugu", erantzun du.
CiU eta EAJ "arraro" sentituko dira taldean, UPyDren ustez
Carlos Martinez Gorriaran Kongresuan UPyDko bozeramaileak esan duenez, CiU eta EAJ ez dira eroso sentituko Euroganberako talde liberalean, sezesio-programan "sartzen" ez delako. "Begetariano bat Argentinako jatetxe batean bezain arraro sentituko direla pentsatzen dut", esan du.