Europakoak 2024 -

Kanpaina ordaintzeko

Afaltzeko lagunik ez du oraindik aurkitu Silva epaileak

Movimiento Red alderdiaren gastuei aurre egin ahal izateko 'crowfunding' kanpaina abian jarri du Silva epaileak. Dagoeneko 2.000 bat euro bildu ditu, kamisetak salduz.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elpidio Jose Silva epailearen Movimiento Red hautagaitzak 2.000 bat euro bildu ditu dagoeneko, Europako hauteskundeei begira kanpaina ordaintzeko ‘crowfunding’ mugimenduaren baitan. Kanpaina egin ahal izateko behar duenaren % 0,8a lortu du epaileak eta dagoeneko 38 kamiseta eta 13 autografo saldu ditu. Inork ez ditu oraindik ordaindu Silvarekin afaldu ahal izateko eskatzen dituzten 300 euroak.

Crowfunding kanpaina horren arabera, epaileak 250.000 euro behar ditu Movimiento Reden gastuei aurre egiteko. Diru hori 38 egunetan lortzea espero du epaileak. Orain arte, 85 jarraitzaileren laguntza jaso du.

Izan ere, 15 lagunek hamar euro ordaindu dituzte Europar Parlamentuari begira euren proposamenak bidali ahal izateko. Beste 13k 20 euro eman dituzte Silvaren autografo baten truke eta 18k 25 euro ordaindu dituzte kanpainako ekitaldiren batean eserlekua lortzeko eta Silvarekin hitz egin ahal izateko.

Gehienek, ordea, kamisetak erosi dituzte: Guztira 38 saldu ditu epaileak. Silvarekin afaldu ahal izateko 300 euro eskatzen ditu mugimenduak, baina ordaindik ez ditu inork ordaindu.

Bruselan Elpidio Silvarekin lan egin ahal izateko aukera da garestiena (500 euro), eta dagoeneko pertsona batek ordaindu du kopuru hori.

Europako hauteskundeetara aurkeztuko diren alderdien zerrenda argitaratu zuen atzo Estatuko Buletin Ofizialak. Elpidio Silvaren alderdiak 25.000 sinadura jaso ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea