Europakoak 2024 -
Lehenengo bozketak
Eskuin muturrak gorakada izango du Erresuma Batuan, inkesten arabera
Erresuma Batuan eta Holandan atzo egin zituzten Europako Parlamentua aukeratzeko bozketak. Gaur, Irlandaren txanda izango da. Emaitzak ez dira igandera arte ezagutuko.
Erredakzioa
Erresuma Batuan eta Holandan ostegunean egin zuten Europako Parlamentua aukeratzeko bozketak. Emaitzak igandean jakingo dira, Europar Batasuneko 28 herrialdeetan bozketa amaitzen denean, baina aurreneko inkesten arabera, Erresuma Batuan UKIP alderdiko euroeszeptikoek irabaziko dute.
Herbehereetan, aldiz, euroeszeptikoek uste baino emaitza txarragoak lortu dituzte.
Atzo 22:00etan itxi zituzten hauteslekuak Erresuma Batuan eta, igandean behin betiko emaitzak ezagutu bitartean, inkestek UKIP alderdi euroeszeptikoaren garaipena iragartzen dute.
Naigel Farageren eskuin muturreko alderdiak gorakada handia izango luke eta Europako Parlamentuak eserlekuen kopurua bikoizteko moduan egongo litzateke. 13 eserleku zituen eta 26 izatera pasa daiteke.
UKIP alderdiak Europatik ateratzea aldarrikatzen du eta etorkinen aurkako mezua zabaldu du kanpainan.
Inkesten arabera, laboristek bigarren postua lortuko dute eta David Cameron lehen ministroaren alderdi kontserbadorea 3. posturaino jaitsiko da.
Herbehereetan ere euroeszeptikoen gorakada handia espero zen baina, badirudi uste baino emaitza txarragoak izango dituela Geert Wildersen alderdiak.
Lehen inkesten arabera, laugarren indarra izango eta eserleku bat galduko du Europako Parlamentuan.
Datu hauek baieztatzen diren ala ez jakiteko igandera arte itxaron beharko da. Europar Batasuneko 28 herrialdeetan hauteskeluak itxita daudenean emango dira ezagutzera emaitzak.
Gaur, ostirala, Irlandaren txanda izango da. Dagoeneko ireki dituzte hauteslekuak. Europar Parlamentuari begira, 11 eurodiputatu aukeratu behar dituzte Irlandan.