Hauteskunde Orokorrak -
Kanpainaren hasiera
EH Bilduk 'independentziaren aldeko botoa' ematea eskatu du
Arnaldo Otegi Sortuko idazkari nagusiak "kea saltzea" egotzi die Podemosi eta EAJri.
eitb.eus
Arnaldo Otegi EH Bilduren lehendakarigaiak ekainaren 26ko hauteskunde orokorretan "independentziaren aldeko botoa emateko" deia egin du.
“Une honetan oso pozik gaude joan den igandean galdeketak egin ahal izan genituelako independentziaren alde”, gogorarazi du buruzagi abertzaleak, Gure Esku Dagok 23 herritan egindako galdeketengatik, "baina ekainaren 26an ere aukera izango da independentziaren aldeko botoa emateko”, erantsi du.
EH Bilduk Irunen abiatu du hauteskunde kanpaina. Bertan, Otegi ez ezik, Marian Beitilarrangoitia Gipuzkoako hautagaia eta Oskar Matute Bizkaiko zerrendaburua ere izan dira.
Ekitaldian, Otegik "kea saltzea" egotzi die Podemosi eta EAJri: "Podemosekoek koalizio patriotikoa deitu diote beren aukerari, eta ondo baino hobeto dakite aldaketarako aukera errealik ez dagoela Madrilen, aritmetikak ez duelako horretarako aukerarik ematen. PNVk ere kea saltzen du; aldaketarako aukerarik egon ez arren, estatus politikoa aldatzeko aukerarik ez dago”.
Marian Beitialarrangoitiaren esanetan, "sinetsita gaude Gipuzkoako bigarren diputatua lor dezakegula". Gipuzkoako zerrendaburuak azaldu du aurrekanpainan "Gipuzkoako txoko guztietatik" ibili dela, eta boto-emaileek "ilusioa" transmititu diotela eta "behetik gora goazela".
Azkenik, Oskar Matutek ohartarazi du Madrilen ez dela posible izango aldaketa "Espainiako Estatuan aldaketa haizeak aipatzen dituzte, zenbakiek horretarako aukerarik ematen ez duten arren. Aldaketa hori posible egin ahal izateko, egiazko eta sakina izateko, aldaketa behar da, eta ez postu aldaketa".