Hauteskunde Orokorrak -

Debatea

Gobernatzea zaila dela esanez defendatu du bere burua Rajoyk

Hauteskundeak errepikatzearen ardura leporatu dio Pedro Sanchezek Pablo Iglesiasi, eta honek “arerioa Alderdi Popularra” dela esanez erantzun dio.

Mariano Rajoy, Pedro Sanchez, Albert Rivera eta Pablo Iglesias. Argazkia: EFE
Mariano Rajoy, Pedro Sanchez, Albert Rivera eta Pablo Iglesias. Argazkia: EFE
Ezer argirik ez, lau hautagai nagusien eztabaidan

1:47

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lau presidentegaiek egin duten eztabaidan, Pedro Sanchezek, Pablo Iglesiasek eta Albert Riverak gogor kritikatu dute Mariano Rajoyk Espainiako Gobernuan egin duen kudeatzea.

Rajoyk bere burua defendatu du, "hitz egitea oso erraza" dela esanez eta "gobernatzea zaila" dela azpimarratuz.

"Gobernura ikasita etorri behar da, eta ez praktikak egitera", adierazi du Rajoyk eztabaidaren lehen zatian, gai ekonomikoak hizpide. "Espainiaren ikuspegi  tristea" izatea eta "gezurrak" esatea egotzi die Rajoyk bere arerioei.

Albert Rivera Ciudadanoseko hautagaiak "10.000 milioi euroko zuloa" utzi izana egotzi dio Rajoyri. Pablo Iglesiasek, berriz, Espainiako Gobernuko presidente moduan "azterketa suspenditu" egin duela esan dio.

Pedro Sanchez PSOEren hautagaiak adierazi du Rajoyrena "autokonplazentziazko diskurtsoa" dela eta hauteskundeak errepikatu behar izatea PPko buruzagiaren eta Pablo Iglesiasen ardura dela azpimarratu du, "biek elkarrekin" bozkatu zutelako bere inbestiduraren kontra.

Iragan martxoko inbestidura "blokeatzea" egotzi dio Sanchezek Iglesiasi. Era berean, alderdi morearen programan dauden neurri asko martxan jartzea eragotzi duela gogorarazi dio. Ekainaren 26a igaro ondoren itun bat eskaini eta aurkariz okertzen ari dela ohartarazi dio Podemoseko buruzagiak: "Zure arerioa Rajoy da".

Riverak Iglesiasen kontra ere egin du, "Espainian Greziako eredua ezarri nahi duelako". Ildo horretan, Iglesias "ardi larruz jantzitako otsoa" dela esan du.

Podemoseko buruzagiak honela erantzun dio: "Kopiaren eta originalaren artean, nahiago dut originala. Gure arerioa Alderdi Popularra da".

Kataluniak Euskadiri itzala egin dio

Podemoseko idazkari nagusiak Katalunian referendum bat egitea aldarrikatu du, eta demokraziari "beldurrik" izan behar ez zaiola azpimarratu du. Aurkari politikoek proposamena errefusatu dute.

Hala, PSOEko buruzagiak Konstituzioaren erreforma baten aldeko apustua egin du, Kataluniari konponbide bat emateko. Bien bitartean, Espainiaren batasuna, espainiarren arteko berdintasuna eta legea betetzea "gauza guztien gainetik" defendatuko duela argi utzi du Rajoyk.

Konstituzioaren erreforma konponbide "politiko" bat dela nabarmendu du Sanchezek. PSOE Gobernuan izan denean Espainiaren batasuna "hobeto" osatu dela goraipatu du sozialistak.

"Ibarretxeren erronka elkarrizketarekin konpondu genuen", adierazi du. PSOE Exekutiboan egon denean "ez dira sekula aldebakarreko independentzia aldarrikapenak gertatu", gaineratu du.

Lauko debatea hauteskundeak efe

Buruzagiak lauko eztabaidan. Argazkia: EFE

Kataluniak Espainiatik alde egitea nahi ez dutela berriro esan du Iglesiasek. Espainiak baturik jarraitzea defendatzen dutela erantsi du, baina aniztasunari Konstituzioaren barnean lekua eginez. "Baliteke horregatik lehen indarra izatea Katalunian eta Euskadin", erantsi du.

Demokraziari "beldurrik" izan behar ez zaiola adierazi du alderdi moreko buruzagiak. Erresuma Batuko demokraziak "Eskoziako erreferendumarekin arazorik izan ez" zuela gogorarazi du Iglesiasek.

Rajoyren defentsa

"Norabide bera mantentzen" baldin badute 20 milioi landunen "helburu handia" lortzea posible izango dela azpimarratu du Rajoyk, zerbitzu publiko nagusiak mantendu ahal izateko.

Hala, krisi ekonomikoari aurre egiteko politikak defendatu ditu jarduneko presidenteak.

Rajoyk Espainiako politika garbitzeko "ahalmen moralik" ez duela nabarmendu du Riverak. Luis Barcenasi bidalitako mezu famatua eta diruzain ohiaren eskutik jasotako 343.000 euroak aurpegiratu dizkio Ciudadanoseko buruzagiak.

"Guztiz faltsua" dela esan du jarduneko presidenteak, "gezurra" delako. Rivera "inkisidore" bat dela salatu du Rajoyk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Rajoy Hauteskunde orokorrak Pablo Iglesias politikari ohia Pedro Sánchez Albisteak Albert Rivera berriak