Hauteskunde Orokorrak -
A28
Unidas Podemosen kontua berriz zabalduko du WhatsApp sare sozialak
Unidas Podemosen hitzetan, “kaltea konponezina” da orain; izan ere, sarea erabiltzeko aukerarik gabe geratu dira kanpaina amaieran.
Agentziak | Erredakzioa
Posta elektronikoz WhatsAppen jakinarazpena jaso dutela baieztatu du Juanma del Olmo Podemoseko Komunikazio idazkariak ostegun honetan. Apirilaren 22an, RTVEko hauteskunde eztabaida hasi baino lehen, koalizio morearen kontua itxi zuen sare sozialak. Orain berriro zabalduko dutela iragarri du.
Unidas Podemosen esanetan, “kaltea konponezina” da orain; izan ere, sarea erabiltzeko aukerarik gabe geratu dira kanpaina amaieran.
Del Olmoren ahotan, koalizioak gainerako alderdiek bezala erabili zuen kontua. Botoa erabaki ez dutenen erdiak azken lau egunetan alderdi baten alde egiten duenean, “kanpainako enbaxadoreekin” komunikazio tresna “zuzena” erabiltzeko aukera galdu dute, kritikatu duenez.
Koalizioaren WhatsApp mezuak jasotzeko baimena eman zuten “ekintzaileek”, 50.000-60.000 bat, astelehenean kontua itxi ondoren, orduz geroztik ez dute inolako komunikaziorik jaso.
Bi eztabaiden eta kanpaina amaieraren astean, tresna hori galdu dutela deitoratu du Del Olmok. Salatu duenez, Facebook multinazionalaren (WhatsAppen jabea) erabakiak “Unidas Podemos baztertu” du.
WhatsAppek Unidas Podemosen kanala ixteko erabakia hartu zuenean, zerbitzuak mezularitza masiborik onartzen ez duela argudiatu zuen. Erabiltzailearen eta aplikazioaren artean bitarteko tresnak erabiltzerik ez dagoela gaineratu zuen sare sozialak.
Del Olmok onartu duenez, koalizioak bitarteko software bat erabiltzen du WhatsApp bidez ekintzaileei mezuak bidaltzeko, baina gainerako alderdiek gauza bera egiten dute.
Gainera, komunikazio kanal “zuzena” galdu izana deitoratu du Del Olmok, eta beste sare batzuekin ordezkatzea posible ez dela ziurtatu du; Twitter edo Instagram mota berekoak ez direlako.
Azaldu duenez, WhatsAppen posta asteazken gauean jaso zuen koalizio moreak. Honenbestez, konpainiak gutxi gorabehera 48 ordu behar izan ditu egindako “hanka-sartzea” onartzeko.