eaeko autonomikoak -
Hauteskunde-kanpaina
EAJ estremista baten aurrean 'aldaketa" iragarri du Basagoitik
Hauteskunde-kanpainako aurreneko ekitaldian parte hartu du PPko presidenteak Gasteizko hotel batean. Basagoitiren esanetan, hauteskundeek "aldaketa politikoa ekarriko dute Espainiako Gobernura".
Erredakzioa
Hauteskunde-kanpainaren hasierarekin Espainian "aldaketa hasten" dela adierazi du gaur Antonio Basagoiti Euskadiko PPko presidenteak, EAJren "estremismoari" eta PSOEren "gaitasun ekonomiko eskasari" aurre egiteko.
Hauteskunde-kanpainako aurreneko ekitaldian parte hartu du Basagoitik Gasteizko hotel batean. PPko ordezkariaren esanetan, hauteskundeek "aldaketa politikoa ekarriko dute Espainiako Gobernura".
Euskadik erakargarritasun ekonomikoa berreskuratzeko PPk "buru-belarri" lan egingo duela ziurtatu du Basagoitik. PPko agintariaren hitzetan, "Espainiako Gobernu eraginkor batekin mehatxurik gabeko Euskadi batek arrakasta lortuko du, euskal herritarrek inbertitzen eta egitasmoak aurrera ateratzen ongi dakitelako".
Industriari, enpresa txiki eta ertainei, autonomoei eta nekazaritzari lanpostuak sortzen laguntzeko neurri eraginkorrak bilatuko ditu PPk, Basagoitiren esanetan, 140.000 langabetuen kopurua murrizteko. "Beste alderdi batzuek, ostera, egun hauek liskarrerako, hausturarako edo ziriak sartzeko baliatuko dituzte", erantsi du PPko buruzagiak.
Langabezia
"Langabeziarentzako irtenbiderik ez du Alderdi Sozialistak, Rubalcabak Gobernuan egin duena jakin badakigulako. EAJk ere ez die pentsioei edo langabeziari konponbiderik emango, agintari jeltzaleak Batasunarekin lehian ari baitira independentistagoa nor den edo presoak mintzagai nork dituen erabakitzeko. Ez dira konponbidea. Erradikalismoaren arazoa areagotzen ari dira zenbait kasutan", ohartarazi du.
PPk ez du "irtenbide magikorik" eta ez du Espainiako ekonomia egun batetik bestera aldatuko, baina martxan jarriko duen "politika argi du", Espainiak "ezin duelako zalantzetan jarraitu", Basagoitiren esanetan.