AEB-ko HAUTESKUNDEAK -

Bozketatik ordu batzuetara

FBIk berretsi egin du ez dagoela Clinton epaitzeko oinarririk

Horren aurrean, Donald Trumpek FBI kritikatu du eta, esan duenez, "ezinezkoa da 650.000 mezu aztertzea zortzi egunetan".

Clintonen posta elektronikoari buruzko ikerketa itxitzat eman du FBIk

1:32

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

James Comey FBIaren zuzendariak eutsi egin dio Hillary Clinton AEBko hauteskundeetako hautagai demokrata ez auzipetzeko erabakiari, Clintonen laguntzaile baten ordenagailuan agertutako mezu elektroniko berriak aztertu eta gero.

Jason Chaffetz Utahko kongresista eta Ordezkarien Ganberako Ikuskapen batzordearen presidenteak Twitterren duen kontuan idatzi duenez, Kongresura bidalitako gutun batean Comeyk esan du, "egindako azterketan oinarrituta", ez dutela aldatu "Clintonen idazkariaren inguruan uztailan hartutako erabakia".

Aipatutako gutunaren bidez, Comeyk jakinarazi du etenik gabe lan egin dutela hainbat egunetan, atsedenik hartu gabe, Huma Abedin Clintonen gertuko laguntzaileetako baten senarraren ordenagailua aztertzen.

"Prozesu horretan Clintonek bidali eta jaso zituen mezu elektroniko guztiak aztertu ditugu", ziurtatu du Comeyk. FBIaren zuzendariak kritika uholdea jaso zuen Donald Trumpen kanpaina bultzatzea egotzita, asteartean egitekoak diren hauteskundeetarako egun gutxi falta zirenean.

FBIak ebatzi zuen uztailan Estatu idazkari ohiak zerbitzari pribatua erabil izana, Gobernuaren mezuak -horietako batzuk sekretupekoak- bidali eta jasotzeko, ez zela nahikoa presidentegai demokrataren aurkako prozesua abiarazteko.

Comeyren erabakia orain etorri da, urriaren bukaeran (azaroaren 8ko hauteskundeetarako bi aste baino gutxiago falta zirenean) mezu elektroniko berriak aztertzea erabaki eta gero. Uztailan eman zuten itxitzat prozesua, baina mezu berriak agertu ostean kasuarentzat garrantzitsuak izan zitezkeela ebatzi zuen FBIak.

Email berriak Abedinek eta horren senarrak erabiltzen zuten ordenagailu batean aurkitu zituzten. Abedinen senarra Anthony Weiner da, kongresista ohia, eta banatzeko prozesuan murgilduta daude orain.

"Ezinezkoa da"

Bere aldetik, Donald Trump Alderdi Errepublikanoaren presidentegaiak FBIa kritikatu du Clintonen ez inputatzea erabakitzeagatik, eta esan du "ezinezkoa" dela "650.000 mezu zortzi eginetan aztertzea".

"Ez da posible egitea. Hillary Clinton erruduna da", esan du enpresaburuak kanpaina-ekitaldi batean, Politico AEBko egunkariak zabaldu duenez.

"FBIaren agenteek ez dute onartuko zigorrik ez jasotzea egindako krimen handiengatik, horien artean, 33.000 mezu ezabatzea Kongresuaren deialdia jaso eta gero", azpimarratu du.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Hauteskundeak AEB argazkiak Eguneko albisteak Donald Trump albisteak Hillary Clinton Hillary Clinton biografia Ikerketa Bulego Federala