AEB-ko HAUTESKUNDEAK -

Lehen bilera

Obamak eta Trumpek trantsizioa abiatu dute

Donald Trumpek Obamarekiko errespetua agertu du eta etorkizunean aholku eskatzeko asmoa iragarri du. Obamak arrakasta opa dio eta botere eskualdatzea lasaia izango dela esan du.

Barack Obama eta Donald Trump Etxe Zurian. Argazkia: EFE
Barack Obama eta Donald Trump Etxe Zurian. Argazkia: EFE
Obamak Donald Trump hartu du Etxe Zurian

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak Donald Trump errepublikanoa Etxe Zurian hartu du, botere eskualdatzeaz hitz egiteko.

Botere-aldaketa urtarrilaren 20an gauzatuko da, egun horretan egingo baitu Donald Trumpek AEBko presidente izateko karguaren zina.

Bilera 11:00ak aldera (16:00 GMT) hasi dute. Donald Trump 09:00etan (14:00 GMT) atera da Manhattaneko Trump errekinetik eta bere hegazkin pribatuan joan da Washingtonera. Etxe Zurian hegoaldeko lorategitik sartu da, komunikabideek irudiak hartzeko aukerarik ez duten sarreratik, hain zuzen ere.

Obamak abian jarritako immigrazio politikak, osasun erreforma eta 2015eko uztailean AEBk eta Iranek lortutako akordio nuklearra baliogabetuko dituela agindu zuen hauteskunde-kanpainan Trumpek.

Ordubete eta erdiz bilduta egon ostean, Obamak eta Trumpek agerraldia egin dute kazetarien aurrean, baina ez dute galderarik onartu.

Donald Trump AEBko presidente aukeratu berriak esan du "irrikaz" dagoela Barack Obamarekin elkarlanean aritzeko. Obama gizon ona dela esan du eta etorkizunean hari aholkuak eskatzeko zalantzarik izango ez duela adierazi du.

"Desiratzen nago presidentearekin etorkizunean lan egiteko, baita aholkuak eskatzeko ere", esan du Trumpek Obama alboan zuela.

Trumpek azaldu duenez, batzarra 10-15 minutukoa izango zela espero zuen, asmoa biak elkar ezagutzea baitzen, baina, azkenean, bilera ordubete eta erdikoa izan da, "eta denbora gehiagoz egoteko moduan egon gara", erantsi du.

Obamarenganako "errespetu handia" duela esan du. "Niretzako ohore bat izan da zu ezagutzea eta ohore bat izango da zurekin etorkizunean ere hainbat aldiz egotea", azpimarratu du Trumpek.

Donald Trump Barack Obama Etxe Zuria EFE

(Donald Trumpen eta Barack Obamaren agerraldia Etxe Zurian. Argazkia: EFE)

Obamak "arrakasta" opa dio

Bestalde, Barack Obama AEBko egungo presidentea pozik agertu da Donald Trumpekin izan duen lehen bilerak emandakoarekin eta esan du bere esku dagoen guztia egingo duela buruzagi errepublikanoak "arrakasta" izan dezan, estatubatuar guztien onerako izango delakoan.

"Presidente hautatu jauna, azpimarratu egin nahi dut ahal dugun guztia egingo dugula arrakasta izan dezazun; zure arrakasta, herrialde guztiaren arrakasta izango baita", nabarmendu du Obamak Trumpekin egin duen agerraldian.

Bilera oso positiboa izan dela esan du Obamak. Etxe Zuriaren antolaketaz, atzerri politikaz nahiz politika nazionalaz hitz egin dutela jakinarazi du, bestelako xehetasunik eman gabe.

"Pozik nago Trump presidente aukeratu berriak gai garrantzitsu askotan nire taldearekin elkarlanean aritzeko prestasuna agertu duelako", adierazi du.

"Bakoitzaren alderdian zein den edo bakoitzaren ideia politikoak zeintzuk diren albo batean utzita, uste dut oso garrantzitsua dela orain denok batera lan egitea erronka guztiei aurre egin ahal izateko", gaineratu du Obamak.

Bestalde, Michelle Obama lehen damak bere ondorengoa, Melania Trump, hartu du presidentziaren etxean. Obamak esan du solasaldi oso ona izan dutela biek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak bideoak Barack Obama bideoak Hauteskundeak AEB bideoak Eguneko albisteak Donald Trump albisteak