Udal eta Foru Hauteskundeak -

M24

EAJk irabazi du Donostian, eta EH Bildu hirugarren lekura jaitsi da

Hain zuzen ere, EAJk 9 zinegotzi lortu ditu, PSE-EEk 7, EH Bilduk 6, PPk 3 eta Irabazik 2.

Juan Karlos Izagirre: 'Bidea luzea da baina garaipena gurea da'

02:26

David Perez | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk irabazi ditu Donostiako udal hauteskundeak. Horrenbestez, Eneko Goia hautagai jeltzalea izango da segur aski Gipuzkoako hiriburuko hurrengo alkatea. Bien bitartean, EH Bildu hirugarren postura erori da.

Hain zuzen ere, botoen % 100 zenbatuta, EAJ izan da indar bozkatuena: 9 zinegotzi lortu ditu (2011n baino hiru gehiago). Ondoren, hauek geratu dira: PSE-EE (7 zinegotzi, duela lau urteko hauteskundeetan lortutako zinegotzi kopuru berbera); EH Bildu (6 zinegotzi, aurrekoetan baino bi gutxiago); PP (3 zinegotzi, aurrekoetan baino 3 gutxiago) eta Irabazi (2 zinegotzi).

Erreakzioak

Eneko Goia EAJko alkategaiak eskerrak eman dizkie donostiarrei, eta hauteslekuetan hartu duten erabakia "egokia" izan dela erakusten saiatuko dela adierazi du.

"Lan handia dugu egiteko; erronka handia izango da denontzat", gaineratu du.

Bestalde, Juan Karlos Izagirre egungo alkate eta EH Bilduko alkategaiak zoriondu egin du Eneko Goia, eta parte-hartzea handia izan izana goratu du.

"Badakigu nora goazen eta zein den defendatzen dugun eredua", nabarmendu du buruzagi abertzaleak, eta "bide horretan" jarraituko dutela aurreratu du.

Zinegotzi berriak

Igande honetako hauteskundeen ostean, hauxe da zinegotzi berrien zerrenda:

EAJ: Eneko Goia, Miren Azkarate, Juan Ramon Viles, Pilar Arana, Jaime Dominguez-Macaya, Aitziber San Roman, Martin Ibabe, Maria Jesus Celaya eta Jon Insausti.

EH Bildu: Juan Karlos Izagirre, Miren Amaia Almirall, Josu Mirena Ruiz, Naiara Sampedro, Axir Jaka eta Olaia Duarte.

PSE-EE: Ernesto Gasco, Duñike Agirrezabalaga, Enrique Jose Ramos, Maria Soledad Garmendia, Miguel Angel Diez, Maria Luisa del Pilar Garcia eta Alfonso Gurpegui.

PP: Miren Albistur, Jose Luis Arrue eta Jose Maria Murguiondo.

Irabazi: Amaia Martin eta Loic Alejandro.

Gipuzkoako beste herri batzuk

Irunen, PSE-EE izan da bozkatuena, botoen % 33,43 eta 10 zinegotzi eskuratuta. Bigarren lekuan, EAJk botoen % 18,24 eta 5 zinegotzi lortu ditu. Ondoren, SPIk botoen % 18,15 eta 5 zinegotzi eskuratu ditu; EH Bilduk, botoen % 12,39 eta hiru zinegotzi; eta PPk, botoen % 7,8 eta bi zinegotzi.

Arrasaten, EH Bilduk gehiengo osoa galdu du, eta bigarren lekura jaitsi da, EAJk boto gehiago jaso baititu. Horren ildotik, koalizio abertzaleak 7 zinegotzi eskuratu ditu (2011n baino 4 gutxiago), eta EAJk 8 (4 gehiago). Bestalde, PSE-EEk hiru lortu ditu, SSPBAk bi eta Irabazik bat.

Pasaian, PSE-EEk irabazi du, bost ordezkari lortuta; hots, EAJk beste, baina boto gehiago bereganatuta. Hain zuzen ere, sozialistek botoen % 27,52 lortu dituzte, eta jeltzaleek, berriz, botoen % 25,66. EH Bildu agintean izatetik hirugarren indar izatera pasatu da (4 zinegotzi eta botoen % 23,52), eta Ahal Duguk botoen % 14,27 eta hiru zinegotzi izan ditu.

Eibarren, PSE-EEk lortu du garaipena berriz, botoen % 41,91 jasota. Hori dela eta, 10 zinegotzi eskuratu ditu, duela lau urte baino bat gehiago. Bigarren EH Bildu izan da (botoen % 24,04 eta 5 zinegotzi), eta EAJ (5 zinegotzi) eta Irabazi (1) geratu dira ondoren. PPk galdu egin ditu duela lau urte lortutako bi ordezkariak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Donostia albisteak Gaurko albisteak Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Udal eta Foru hauteskundeak 2015