Udal eta Foru Hauteskundeak -

ITUNAK

EAJrekin udal eta aldundietan koalizioak osatzea ez du baztertzen PSEk

Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan, Idoia Mendia buruzagi sozialistak argi utzi du 'Marotoren kontrako fronte batean' ez dutela parte hartuko Gasteizen.

Idoia Mendiak ez du aurreikusten EH Bildu eta PPrekin akordiorik

02:22

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak onartu du sozialistek ez dutela baztertzen EAJrekin koalizioak osatzea udaletan eta aldundietan. Argi utzi du, hori bai, Alderdi Popularrarekin eta EH Bildurekin ez dutela akordiorik aurreikusten.

Bestalde, Radio Euskadin egin dituen adierazpenetan, buruzagi sozialistak nabarmendu du "Javier Marotoren eta Javier de Andresen PP Mariano Rajoyren PP eta murrizketen PP" diren arren, sozialistek ez dutela "Marotoren kontrako fronte" batean parte hartuko Gasteizen.

Udaletan eta aldundietan sozialistek sustatuko dituzten akordioen oinarrian "PSEk azken urteotan garatu dituen politikak" egongo direla esan du Mendiak. Eusko Legebiltzarrean, berriz, oposiziotik "proposamenak" eginez jarraituko dutela lanean nabarmendu du.

"Hasiera batean, PSEren Euskadiko buruzagitzak begi onez ikusten ditu herri honen aniztasunaren aldeko politikak aintzat hartuko dituzten akordioak", zehaztu du. Horren harira, jeltzaleekin itunak erdiestea baztertzen ez duten arren, formula zein izango den zehazteko "goizegi" dela gaineratu du.

EH Bildukin balizko akordioak erdiesteari buruz galdetuta, Mendiak erantzun du azken lau urteotan ezker abertzaleko koalizioak argi erakutsi duela ez dela gai gobernatzeko.

"Gipuzkoan atzerapen handia izan da, zaborretan korapilatu dira eta gai garrantzitsuak, enpresariei laguntzak ematea, kasu, alboratu dituzte. Donostia baserritartu dute eta herritarrek bozen bidez erantzun dute", salatu du.

PSE-EE eta EAJ oraindik ez direla negoziatzen hasi aurreratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Idoia Mendia bideoak Euskal sozialistak