Udal eta Foru Hauteskundeak -
M24
EH Bilduk Bizkaian 'fronte zabala' eratzearen alde egin du
"Fronte zabala eraikitzeko gonbidapena egiten dugu, EH Bildu koalizioaren egungo errealitatea gainditzeko, Bizkaian erreferente politiko eta sozial izango den mugimendu berri bat osatzeko".
agentziak | erredakzioa
EH Bilduk Ahal Dugurekin harremanak "indartzeko" nahia agertu du, eta Bizkaian "fronte zabala" eratzeko gonbidapena egin du, koalizio abertzalearen "errealitatea bera gaindituko" lukeena.
Maribi Ugarteburu eta Asier Vega EH Bilduren bozeramaileek Bilbon emandako prentsaurreko batean azaldu dutenez, koalizioa oraindik hazten ari da eta "sigla batuketa hutsetik harago" joan nahi du, erabakitzeko eskubidearen eta justizia sozialaren alde egiten duten eragileekin batera "subjektu politiko bakar" izateko.
"Fronte zabala eraikitzeko gonbidapena egiten dugu, EH Bildu koalizioaren egungo errealitatea gainditzeko, Bizkaian erreferente politiko eta sozial izango den mugimendu berri bat osatzeko", azpimarratu du Vegak, Bizkaiko batzarkide izango denak.
"Fronte" hori "siglen batuketa" baino gehiago izatea nahi dute, "behetik gorako" proiektu bat osatzeko, "Bizkaian eta Euskal Herrian eredu politiko eta soziala aldatzeko aurrera egiteko" eragile sozial, politiko eta sindikalekin.