Udal eta Foru Hauteskundeak -

Itunak

Joseba Asiron izango da Iruñeko alkate berria

EH Bildu, Geroa Bai, Aranzadi eta I-E alderdiek akordioa lortu dute, eta ostiral honetan sinatuko dute ituna. Laurak egongo dira Udalbatzan.

Joseba Asirón
Joseba Asirón
Iruñeko Udaleko akordioa bihar sinatuko dute

1:33

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joseba Asiron izango da Iruñeko alkate berria. EH Bildu, Geroa Bai, Aranzadi eta I-E alderdiek akordioa lortu dute ostegun honetan, EH Bilduko hautagaia Nafarroako hiriburuko alkate berria izan dadin, eta gobernu berria eratzeko.

Hala iragarri du Asironek berak komunikabideen aurrean, EH Bilduk negoziazioen berri emateko deitutako batzarra hasi aurretik.

''Lanerako eta elkarrizketarako hiru aste bizi izan dira, eta jada lortu dugu ezarritako helburua. Itxita dago'', adierazi du. ''Inbestidurarako eta gobernua osatzeko behar genituen babes guztiak lortu ditugu'', gaineratu du Asironek.

EH Bildu, Geroa Bai, Aranzadi eta Izquierda-Ezkerra alderdiek ostiral honetan sinatutako dute ituna, alderdi bakoitzak berretsi ostean.

Lau alderdiak Udalbatzan

EH Bilduko hautagaiak azaldu duenez, ''oinarrizko akordioa'' itxi dute ostegun honetan, eta bertan jasotzen dira, besteak beste, ''Udalbatzaren kode etikoa eta inbestidura hitzaldirako oinarrizko edukiak''. Horrez gain, ''dokumenturik garrantzitsuenak, programa bera eta organigrama'' zehaztu dituzte; ''Gobernu berriaren jardunerako oinarrizko dokumentua'', horren esanetan.

Ildo horretan, Asironek aurreratu du lau alderdiak egongo direla Udalbatzan (Aranzadiko militanteek erabakitzen dutenaren zain). Gobernuaren osaketa eta pertsona zehatzak datorren astean erabakiko dira. Zehazki, uztailaren 3ko osoko bilkuran banatuko dira karguak, eta, ordura arte, behin-behineko banaketa egingo dute.

Botere eskualdatzea

Gaur goizean bertan, Enrique Maya (UPN) Iruñeko jarduneko alkatearekin bildu da Asiron, boterea eskuz aldatzeko batzorde bat egitea eskatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñeko bideoak Geroa Bai Gaurko albisteak Nafarroan Udal eta Foru hauteskundeak 2015 EH Bildu Araba Izquierda-Ezkerra EH Bildu Iruñea Iruñeko Udala azken ordukoa Udal eta foru hauteskundeak 2023