18:56

Iruñea

Emakumeen aurkako indarkeria

Sanferminetako bortxaketagatik auzipetuek diote 'errugabeak' direla

agentziak | erredakzioa

Preso dauden espetxeetatik egin dute deklarazioa, bi aldeen abokatuen eta epailearen aurrean.

1:41
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Iragan Iruñeko sanferminetan 18 urteko neskato bat taldean bortxatzea leporatuta kartzelatutako bost gazte andaluziarrek epaitegian deklaratu dute, eta "guztiz errugabe" direla adierazi dute. Neska bortxatzeagatik atxilotu eta auzipetuetako bat guardia zibila da eta beste bat militarra.

Jose Agustin Martinez auzipetuetako baten abokatuak gaurko saioaren ostean azaldu duenez, "prozesuan oso argi geratuko da gertatu zenak ez duela zerikusirik salaketan agertzen denarekin".

Abokatuak, hala, ukatu egin du bortxaketa kolektiboa izan zela, baina Iruñeko 4. Instrukzio Epaitegiko titularrak egindako autoan 500.000 euroko bermea jarri eta espetxeratzea agindu zuen "oso gertakari larriak" zirelako, "taldean eginak, sarketa ugarirekin".

Martinezen arabera, espetxeratzearen kontrako helegitea atzera bota zuen Auzitegiaren irizpidearen kontra, auzipetuek grabatutako bideoek agerian uzten dute "harremanak onartutakoak zirela erabat".

"Eta ez bakarrik bideoan ikusten denagatik, baizik eta sumarioko gainerako albo elementuengatik, hala izan zela argi utziko baitute", adierazi du.

Martinezek azpimarratu du "mutikoak errugabeak" direla, eta "ahal den azkarren libre utzi" beharko lituzketela. Horren harira, salatu du "errudun izan ala ez, egiten ari zaizkien kalteak zigorra areagotzen" duela, zigorra prozesuaren "amaieran bakarrik" ezarri beharko litzatekeelakoan.

Lau orduz deklaratu dute bost auzipetuek, kartzelatik, bideokonferentziaz. Izan ere, horietako hiru Iruñean kartzelatu zituzten; guardia zibila, Logroñon, funtzionarioentzako espetxe batean; eta militarra, Alcala de Henaresen, Armadako kide izateagatik.

Deklarazioak hasi aurretik, biktimaren abokatuak esan du gaurko saioa defentsaren "estrategia" bat dela. Horren harira, gogorarazi du atxilotuek epailearen aurrera eraman zituztela atxilotu eta 48 ordura, baina ez zutela deklaratu nahi izan kontraesanetan erortzea "latza izango zelako haien interesentzat".

Baina horrela "badirudi zerbait dutela ezkutatzeko", esan du Carlos Bacaicoa defentsa abokatuak.

Iruñea elkarretaratzea bortxaketa feministak

Iruñeko Justizia Jauregiaren atarian egindako elkarretaratzea. EFE

Justizia Jauregian bertaratu dira kolektibo feministak auzipetuei indarkeria matxistaren kontrako foru legea aplika diezaieten eskatzeko eta bortxaketa guztien aurrean "erantzuna" exijitzeko.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

 

 

Iruzkinak