Itxi

Iruñea

6 hilabeteko ikerketa

Bi gazte atxilotuta Iruñean, 100 auto baino gehiagotan ostu dutelakoan

Agentziak | erredakzioa

Atxilotuek 20 eta 25 urte dituzte; objektuak lapurtu eta, ondoren, hirugarren pertsonei saltzen zieten, diru apur baten truke.

Polizia Nazionaleko agenteek bi gizonezko gazte atxilotu dituzte Arrotxapea, Txantrea, Buztintxuri, Donibane, Mendebaldea eta Artika Berria auzoetan, eta Berriozarren eta Antsoainen 100 ibilgailu baino gehiagotan lapurtzea egotzita, 'Garaje' operazioaren baitan.

Atxilotuok 20 urteko errumaniar bat (R.S.) eta 25 urteko espainiar bat (I.E.A.) dira. Lehenengoa kartzelara bidali dute dagoeneko, eta bestea aske utzi dute, karguekin, Luis Carlos Calvo inspektoreak azaldu duenez.

Ikerketa aurtengo marxoan hasi zuten, Iruñeko eskualdeko zenbait etxebizitzatako garajeetan lapurreta askoren berri izan eta gero. Zehatz-mehatz, hiru gunetan gertatu ziren lapurretak: Arrotxapea-Txantrea-Antsoain, Mendebaldea-Ospitaleak-Donibane-Sanduzelai eta Buztintxuri-Artika Berria-Berriozar.

Atxiloketei eta ondoren egindako miaketei esker, objektu asko berreskuratzea lortu dute. Horietako batzuk jabeei itzultzeko lanean ari dira, baina beste batzuk itzuli gabe daude oraindik.

Ikerketak zabalik jarraitzen du, Polizia Nazionalak beste lapurreten berri izan duelako, eta baliteke atxilotu horiek egin izana. Gainera, oraindik berreskuratu ez dituzten objektuen bila dabiltza.