Itxi

Herriak eta Hiriak

Festa handiaren bezpera

Gasteiz blusa eta nesken egunarekin giroa berotzen hasi da

Agentziak | Erredakzioa

Urtero legez baratxurien azokarekin hasi da eguna goizeko lehen orduan. Basatiak koadrilak barriken lasterketa berriro irabazi du.

1:20

Gasteizen blusa eta nesken eguna ospatu dute asteazken honetan. Berakatzen azoka, nekazariak, abeltzainak eta ardo upelen lasterketa protagonistak izan dira. Abuztuaren 4an hasiko diren Andre Maria Zuriko jaiei begira dago Arabako hiriburua jadanik.

Urtero legez baratxurien azokarekin hasi da eguna goizeko lehen orduan; izan ere, 07:00etan ireki dute. Hainbat berakatz kiloren “usaina” nagusi izan da Gasteizko erdialdean.

Euskal Herria, Kantabria, Palentzia, Zamora eta Zaragozako 80 ekoizle baino gehiagok baratxuri-txirikordak saldu dituzte goizeko lehen ordutik, Gasteizko nekazal azokarik tradizionalean.

Unibertsitateko campusean, ikasleen joan-etorriaren tokia moxal, aker eta ardiek eta Arabako baratzaren produktuek hartu dute, azokan. Sektoreko emakumeei omenaldia egin nahi izan diete, “Emakumeak etorkizuna ereiten” lelopean.

Pastelak, haragia, marrubiak, ardoa, olioa, Gesaltza Añanako gatza… bertako produktu ugari dastatzeko aukera izan da, herri-kirol erakustaldiak, musikak eta giro bikainak lagunduta.

Elkartasunerako tartea ere egon da; izan ere, gastronomia elkarteek haragi gisatua dastatzeko aukera eman dute, eta bildutako dirua Aspanafoa minbizia duten haurren gurasoen elkartearentzako izango da.

 

 

Barriken lasterketa

Blusa eta nesken egunean, ezinbesteko beste ekitaldi bat barriken lasterketa da. Duela hiru urte asto lasterketaren lekua hartu zuten upelek. Udal ordenantza batek asto lasterketa debekatu zuen.

Blusa eta nesken 15 koadriletako 6 talde, 4 lagun talde bakoitzeko, lehiatu dira, sari nagusiaren bila: Bastidako (Arabako Errioxa) Mitarte upategiko 225 litro ardoko barrika bat.

57 kiloko barrika biraka 400 metroko ibilbide batean zehar eraman behar izan dute taldeek Espainia Plazaren inguruan. Zirkuituari hiru itzuli eman behar zizkioten parte-hartzaileek. Aurreko edizioetan bezala, Basatiak koadrilak garaipena lortu du aurten.

Koadrilen ohiko kalejirak kolektiboaren zatiketa agerian utzi du berriz; izan ere, alde batetik, blusen batzordeko koadrilek hiriko erdialdean “desfilatu” dute, eta bestetik federaziokoak.

Musika nagusi izan da, eta jendetzak hiriaren erdialdea hartu du. Hamar egun barru hasiko diren jaien zain dago Gasteiz dagoeneko.