Herriak eta Hiriak
Ekimena
Itsuentzat diseinatutako Chef's Voice 'karta adimendua' aurkeztu du bilbaoDendakek
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
'Karta adimenduak' beste zenbait abantaila ere baditu: hainbat hizkuntzatan dago eskuragarri eta alergiak dituzten pertsonei zuzenduta dago.
bilbaoDendak Bilboko merkataritza eta turismo jarduera sustatzeko elkarteak irisgarritasuna sustatzeko pauso bat gehiago eman du, Chef's Voice erreminta aurkeztuta. Itsuei zuzenduta dagoen "adimendun karta elkarreragileak" bestelako abantailak ere baditu; hala nola, hizkuntza ezberdinetan erabiltzeko aukera ematen du eta alergien inguruko informazio zehatza eskaintzen du. Edozein pertsonak eta, batik bat, turistek erabiltzeko moduko erreminta da, beraz.
Bizkaiko hiriburuko Iruña Kafetegian aurkeztu dute Chef's Voice, eta hauek izan dira aurkezpenean: Aitor Elizegi bilbaoDendakeko presidentea, Xabier Otxandiano Bilboko Udaleko Ekonomia Garapen, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzi ordezkaria eta Jon Imanol Ibarra "adimendun karta" diseinatu eta garatu duen Puntodis enpresako zuzendaria. Ekitaldian, Juan Jose Medina, Puntodis enpresarekin lanean ari den itsua, ere egon da, eta horrek erakutsi ditu Chef's Voicen abantailak.
Ekimena bilbaoDendaken eta Puntodisen arteko elkarlanerako hitzarmenari esker jaio da. Hala, elkarte horren kide diren jatetxe eta ostalaritza establezimenduei web zerbitzurako sarbidea erraztuko die akordioak, itzultzaile automatiko baten bitartez, jatetxeetako menuen inguruko informazioa eman eta zabaltzeko.
Chef's Voice jatetxe bateko karta modu sinple eta intuitiboan prestatzea ahalbidetzen duen tresna gisa aurkeztu dute, platerak, osagaiak, alergenoak, prezioak, gomendioak eta abar zehazten dituelako. Telefono adimendun baten bidez eta QR kode bat eskaneatuta, ikusmen arazoak dituen edonork informazio hori guztia erraz entzuteko aukera izango du, nahi duen hizkuntza hautatuta (guztira, hamabi hizkuntza ditu).
Gainera, jatetxeek edozein momentutan eguneratu ahal izango dute menua, eskaintza gastronomikoa, ardo-karta edo salneurriak aldatuta, adibidez. Jatetxeko kartan ez ezik, webgunean, gida turistikoetan eta argitalpenetan ere egongo da erabilgarri QR kodea.