Itxi

Danborrada 2017

San Sebastian eguna

Donostia, danborradari hasiera emateko irrikan

eitb.eus

Nahiz eta Gipuzkoako hiriburuak biltzen dituen begiradarik gehien, Azpeitian eta Nafarroako Tafalla eta Lakuntza herrietan ere beren danborradak ospatzen dituzte.

  • 2016ko Danborrada

    2016ko Danborrada

Ohikoa den banderaren igoerak emango dio gauerdi honetan hasiera ofiziala 2017ko danborradari, eta, horren ondoren, heldu zein umeek Raimundo Sarriegiren doinuz beteko dituzte 24 orduz Donostia. bakoitza bere danborradan, San Sebastian eguna ospatzeko xedearekin. Aurten, Club Vasco de Camping elkarteari egokitu zaio bandera igotzeko erantzukizuna.

Dena dela, gaurko eguneko ospakizunak apur bat aurretik hasiko dira; izan ere, festa ofizialki hasi baino ordu batzuk lehenago, Realak eta Bartzelonak Errege Kopako final zortzirenetako joaneko partida jokatuko dute Anoetan. Partida 21:15ean hasiko da, eta, hori dela eta, Goazen Erreala eta Txirritako Txuri Urdinak Realeko lagunarte ofizialen danborradek eta horien txarangek Anoeta girotuko dute 19:00etatik aurrera; estadioaren kanpoaldea, lehenengo, eta Anoeta barrua, gero.

Helduen 140 danborrada

17.366 pertsonak parte hartuko dute aurtengo San Sebastian eguneko helduen 140 danborradatan, iaz baino 1.000 gehiagok. Guztira, bost danborrada gehiago ibiliko dira kalez kale: horietako sei, berriak izango dira; eta beste batek parte hartzeari utziko dio.

Parte-hartzaileen artean, 7.029 emakumeak izango dira ?% 10 egin du gora? eta 10.337, berriz, gizonezkoak. Gainera, 4.525 lagunek danborra joko dute, 8.836k barrilak, 1.596k edarrak eta 2.409 urketariak izango dira. Horiekin batera 2.218 musikarik, gastadoreek, banderadunek eta kantinerak parte hartuko dute danborradan.

Haurren danborrada

Txikiek ere bere protagonismoa dute jaiegun handian zehar zehar. Horrela, 4.977 neska-mutilek parte hartuko dute Donostiako egun handiko haurren danborradan.

Aurten beste urtetan adina konpainia ibiliko dira kalez kale, 49. Hala ere, beste zenbait aldaketa izango dira: poniek parte hartuko dute, hiru konpainiak sukaldariak izango dituzte lehen aldiz beren konpainiatan, eta bost pertsonaia berrik parte hartuko dute karrozan. Karroza horretan, hain zuzen ere, lehen aldiz, neskak adina mutil izango dira, Easo Ederra eta haren damak bertan direla.

Izozterainoko tenperaturak

Euskalmeten iragarpenaren arabera, Donostiak hotzez dardarka emango du San Sebastian bezpera. Tenperaturak zeroz azpitik hiru graduraino jaitsiko dira, zeru oskarbia lagun. Aurreko urteetan ez bezala, beraz, ez da euririk espero. San Sebastian eguna ere hotza izango da, baina termometroek gora egingo dute apur bat: altuenak 7-8 ºC-koak izango dira; baxuenak, -3 ºC-koak.

Urrezko danborrik gabe

Gogoratu beharreko beste kontu bat da, aurten ez dela Urrezko Danborraren saririk banatuko, aurtengo sariduna Angels Barcelo kazetaria izateko proposamenak ez baitzuen lortu behar bezain beste babes.

Horren ordez, 2017ko Hiritar Merezimenduaren Dominak banatuko dituzte urtarrilaren 20an, 19an egin ordez.

Donostiako eta Azpeitiko danborradak, ETB1en eta eitb.eus-en

Euskal Telebistaren lehen kateak eta eitb.eus-ek zuzenean jarraituko dute aurtengo danborrada, 'Danborrada Gaua' 22:25ean abiatuko den emanaldi bereziaren baitan. Imanol Artola, Maite Eskarmendi eta Unai Etxabe Donostiako Konstituzio plazan izango dira, eta zuzenean emango dute festaren nondik norakoen berri.

Azpeitiak ere ospatzen ditu San Sebastian jaiak, eta helduen danborrada abiatu ohi dute bezperan. Ostegun gauean, ETB1ek eta eitb.eus-ek zuzeneko konexioak egingo dituzte Izaro Iraetarekin eta Miguel Zendoiarekin, unean uneko kontakizuna jasotzeko. Donostiako danborrada bukatutakoan, ETB1ek eta eitb.eus-ek oso-osorik emango dute Azpeitiko festa honen berri, 00:45etik aurrera.

Horrez gain, biharamunean (urtarrilaren 20an), haurren danborrada (11:45) eta banderaren jaitsiera ekitaldia (23:45) ere bitarteko beren bitartez jarraituko ahal dira, hots, bai telebistaz, bai internetez.