Baipasa
KLIMA LARRIALDIA
Lurzoruaren babeserako legedirik ez dago Europan, nahiz eta Batasuneko lurzoruen % 60-70 ez izan osasuntsua
Marijo Deogracias | EiTb Media
2007an saiatu ziren lurzoruaren babeserako legedia osatzen Europan, baina ez zuten lortu. Bigarren saiakera batean ari dira; izan ere, Europar Batasuneko lurzoruen % 60-70 ez da osasuntsua. Ane Zabaletak hitz egin digu gaiaz.
-
Lurzoruaren osaketaren irudia
16:45 min
"Lurzorua da planetako biodibertsitate-erreserba garrantzitsuenetakoa. Ideia bat egiteko, lur eskukada batean 100 bat bilioi bakteria egon daitezke, 10.000-50.000 espezie ezberdinetakoak". Ane Zabaleta EHUko geologia ikertzaileak kontatu digu. Baita lurzoruaren ia erdia mineralek osatzen dutela eta beste erdia ura eta airea direla ere: "% 5 litzateke materia organikoa eta organismo biziak".
Beraz, lurzorua babestea bizitza babestea da. Tamalez, Europan ez dago lurzorua babesteko legedirik eta orain ari dira, legedia osatzeko bigarren saiakera bat egiten Europar Batasunean. Izan ere, Europar Batasuneko lurzoruen % 60-70 ez da osasuntsua eta lurzorua etengabe sortzen ari den arren, prozesua oso motela da. "Horregatik esaten da ez dela berriztagarria; sortzen dena baino abiadura azkarragoan suntsitzen dugu", azaldu digu Zabaletak.