Itxi

Faktoria

Eraikiz agiria

"Mina denentzat berdina da; biktima guztiak berdinak gara"

G.U.

Pili Zabala eta Carlota Arginberri Euskadi irratiko 'Faktoria'n izan dira, Eraikiz agiriari buruz hizketan.

  • Eraikiz biktima taldeak

    Eraikiz biktima taldeak

ETAren eta GALen 15 biktima urte eta erdiz aritu dira lanean Eraikiz agiria idazteko eta sinatzeko. Legebiltzarreko Giza Eskubideen batzordean aurkeztu berri dute idatzia, eta elkarrizketa guneak eskatu dituzte bizikidetzan airrera egin ahal izateko, norberak bere erantzukizunak aztertuz, indarkeriaren gaitespenetik abiatuta. Pili Zabala, GALek torturatu eta hildako  Joxi Zabalaren arreba, eta Carlota Arginberri, ETAk ildako Carlos Arginberriren iloba dira sinatzaileetako bi, eta Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan adierazi dute denbora luzea behar izan dutela testua amaitzeko, zehaztasun guztiak adierazgarri gera daitezen.

Pili Zabalak adierazi du "oso argi geratu behar dela herri honek zor moral bat duela, eta zor horretan erantzukizuna daukatenek irakurketa sakona egin behar dutela. Testua bakoitzak ez du irakurri behar nahi duen aldetik, baizik eta, benetan, autoesplorazio bat eginez, eta sakontasunera iritsiz". Bestalde, Zabalak nabarmendu du, zenbait kasutan, arduradunak ez dituztela inoiz ikertu, eta ikertu dituztenek beste pribilegio batzuk izan dituztela. "Oso garrantzitsua da Justizia behar bezala ezartzea, eta politikariek bermatu behar dute hori, nazioarteko estandarrak errespetatuz", esan du.

Bestalde, Carlota Arginberrik adierazi du mina denentzat berdina dela. "Biktima guztiak berdinak gara, eta pasatako egoerak ez du justifikaziorik". Biktima guztiek sentitu dute mina eta bazterketa, haren ustez, eta horregatik, "garrantzitsua da elkartasun honekin aurrera egitea". "Indarkeriaren justifikazioa dagoen bitartean, zaila da aurrera egitea". Arginberriren arabera, eta indarkeriak sortzen duen gorrotoa alde batera utzita egin behar da aitzinera.

Pili Zabalak esan du beretzat mingarria izan zela Felipe Gonzalezek Vera eta Barrionuevori elkartasuna adieraztela, eta, beste biktima batzuen azalean jarrita, persona batek, kartzelatik ateratzean, omenaldia jasotzea beste biktima batzuentzat ere mingarria izango dela uste du. Gainera, anaiaren eta Joxean Lasaren aldeko pintadak ikustean oso deseroso sentitu izan dela aipatu du, "pintadek ez zidaten niri ez babesik ematen, ezta sentitzen nuen mina samurtzen ere", nabarmendu du.

Carlota Arginberriren iritziz, "pauso oso ona" izango litzateke memoria ekitaldiek biktima guztiak hartzea, eta azaroaren 10eko Memoriaren Egunerako badute zer pentsatu. Zabalak horri buruz aipatu du ausardia behar dutela agintariek, eta guztia aztertu behar dutela "bihotzez, begietara begiratuz".