Politika -

Memoriaren Eguna

ETAren eta GALen hainbat biktimak batasuna eskatu diete alderdiei

Memoriaren Eguna (azaroaren 10a) batera ospatzeko deia egin diete alderdi politikoei.

ETAren eta GALen biktimek ardura gehiago eskatu diete talde politikoei

1:41

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAren, GALen eta Poliziaren 15 biktimak Memoriaren Eguna (azaroaren 10a) "salbuespenik gabe" denek batera ospatzeko deia egin diete alderdi politikoei.

Eskaera Eusko Legebiltzarrean egin du Ines Nuñez de la Partek, torturen ondorioz hil zen Francisco Javier Nuñez Fernandezen alabak, Giza Eskubideen Batzordean.

"Asmoak ondo daude, baina horiek gauzatu beharra dago; azaroaren 10a Memoriaren Eguna da, urrezko aukera duzue batasuna erakusteko, guk hemen egin dugun bezala; alderdi guztiek, salbuespenik gabe, biktima guztiak omendu ditzatela", adierazi die EAJko, PSE-EEko, PPko, EH Bilduko eta UPyDko ordezkariei.

Aipatutako biktimen kolektiboaren ordezkariek agerraldia egin dute gaur Legebiltzarrean, adostu duten adierazpena alderdiei aurkezteko. "Pertsonak hiltzea gaizki egon zela denek aho batez esatea eta biktima guztiak aintzatestea" izan dute helburu.

Halaber, "bizikidetzari buruz halabeharrez egin beharreko eztabaida ez atzeratzea" ere eskatu diete alderdiei. Horren ildotik, Bake Lantaldea edo "tankera horretako beste espazio bat" berriz martxan jartzeko deia egin dute.

Sinatzaileak

Adierazpenaren sinatzaileen artean ETAren biktima hauek daude: Marta eta Sara Buesa (Fernando Buesa legebiltzarkide sozialista zenaren alabak), Andoitz eta Ibai Korta (Joxe Mari Korta enpresaburuaren semeak), Josu Elespe (Froilan Elespe zinegotzi sozialistaren semea), Jose Goikoetxea (Joseba Goikoetxea ertzainaren semea), Mari Carmen Hernandez (Jesus Mari Pedrosa PPko zinegotziaren alarguna) eta Carlota Arguimberri (Carlos Arguimberri autobus gidariaren iloba).

Gainerako biktimak hauek dira: Iñaki Garcia Arrizabalaga (Juan Manuel Garcia Cordero Telefonicako buruaren semea), Josemi Gomez Elosegi (Javier Gomez Elosegi psikologoaren anaia), Nagore Gonzalez (Manuel Vicente Gonzalez Vilorio udal idazkariaren alaba), Dori Monasterio (Fermin Monasterio taxilariaren alaba), Ines Nuñez de la Parte (Francisco Javier Núñez Fernandezen alaba), Mikel Paredes (Juan Paredes Manoten anaia) eta Pili Zabala (Joxean Zabalaren arreba).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Euskadi Ta Askatasuna albisteak Gaurko azken ordukoa