Faktoria
Saharako haurrak
Saharako haurrak ekartzeko harrera familiak behar dira EAEn
B.F
EiTB
Iaz 106 haur etorri ziren Saharatik Gipuzkoara. Aurten, zifra mantendu nahi izanez gero, 32 familia beharko dira.
-
Saharako umeak Euskadin
Ana Karrere Andoaingo alkatea eta Eli Eizagirre ‘Oporrak bakean’ ekimeneko koordinatzailea ‘Faktoria’n izan dira gaur goizean. Laguntza eske etorri dira biak; udara begira, Euskal Herrira datozen Saharako haurrentzako harrera familiak behar direla esan digute.
Iaz, 106 haur etorri ziren udan Gipuzkoara, eta zifra mantendu nahi izanez gero, 32 harrera familia behar dituztela esan digu Eli Eizagirrek. Normalean, udako harrera hauek lau urteko epea izaten dute eta Andoaingo alkateak esan digunez, aurten familia askoren azken urtea da. Horregatik, azken urteotan baino premia handiagoa dute aurten. Gipuzkoako kasuaz mintzatu diren arren, Bizkaia, Araba eta Nafarroan ere beharra dagoela nabarmendu dute.
Elik esanda bezala, orokorrean, hezkuntza eta osasun baldintza latzak dituzte haur hauek beraien bizilekuetan. Basamortuan, uda bereziki gogorra dela azpimarratu du ‘Oporrak bakean’ taldeko koordinatzaileak. Gainera, esperientzia pertsonaletik, harrera familia izatearen onurez mintzatu dira bi gonbidatuak.
Harrera familia izateko:
Eli Eizagirrek argi utzi duenez, gogoak dituen familia orok lagundu ditzake ume hauei opor zoriontsuak eskaintzen. Pertsona bakarra, umerik gabeko familiak, seme-alabak dituzten bikoteak, jubilatuak… edonork har ditzake etxean Saharatik datorren haur bat. Lagundu nahi izanez gero, http://oporrakbakean.jimdo.com/ orrialdean sartu edo 696014786 (Gipuzkoa), 658751359 (Bizkaia) edo 665711947 (Araba) telefonoetara deituta jaso dezakezu beharrezko informazio guztia.