Itxi

Faktoria

Markel Olano

'Ezin da fiskalitatea mahai gainean jarri negoziatu nahi den bakoitzean'

EAEko aurrekontuak babesteko PPren baldintza gaitzetsi du Olanok eta esan du 2020 arte ez dutela berrikusiko azken erreforma. Alokairu prezioa mugatzeko zerga aldaketarik ere ez du espero laburrean.

  • Markel Olano

    Markel Olano, 'Faktoria'n

    22:42 min
imagen player
imagen player
imagen player

Alderdi Popularrak Jaurlaritzaren aurrekontuak babesteko jarri duen baldintza, pertsona fisikoen gaineko zerga jeistea, gaitzetsi egin du Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak. 'Ezin da fiskalitatea mahai gainean jarri negoziatu nahi den bakoitzean', iritzi dio. Argudiatu du zerbitzuak eskaintzeko baliabide egokiak behar dituela Diputazioak eta, alde horretatik, 2020rarte ez dutela berrikusiko orain bi urte indarrean jarri zuten azken erreforma. Epe motzean aldaketarik ez dute egingo, ezta ere, etxebizitzen alokairuen gaineko zergatan. Iñaki Arriola Jaurlaritzako etxebizitza sailburu sozialistak orain hilabete neurri fiskalak proposatu zituen alokairuen burbuila mugatzeko helburuz. Olanok zehaztu du, proposamen berri guztiak direla ongietorriak eta hau ere aztertuko dutela batzar nagusietara iristen denean, baina laburrean aldaketarik ez dela izango nabarmendu du.

Gipuzkoako ongizate ereduan eta lurralde horren aintzindaritzan egin du azpimarra Gipuzkoako diputatu nagusiak eta legegintzaldi berrian bide horretan aurrera egiteko konpromezua agertu du: ' Eredu izan daiteke Gipuzkoa bazterkeria sozialean dauden pertsonen laguntzetan. 35.000 pertsona daude eta guztiek aukera izatea lan duin bat izan dezaten. Hori da helburua: eurei prestakuntza egoki bat eskaintzea. Jauzi kualitatibo handi bat da. Europan leku gutxitan gertatzen da hori. Aitzindaria izan liteke Gipuzkoa', azpimarratu du.

Arlo politikoan, Olanok tamalgarritzat ditu asteburuan Hernanin eta Oñatin ETAko preso ohiei egindako harrerak. Adierazi du oinarri demokratiko eta etikoan atzera egitea dela, eta arduradunei enpatia ariketa eta berriz ez halakorik antolatzeko eskatu die. 'Mesederik ez dio egiten herriari. Modu pribatuan egingo balira beste kontu bat da baina ez da horrela egin. Ekitaldi publikoak izan dira eta, modu horretan, figura eta, nolabait, ibilbidea ere erreinbindikatzen da. Herri bezala fase bat gainditu dugu, eta horri zilegitasuna ematea kaltegarria da eta atzera pausoa', azpimarratu du.