Itxi

Politika

PRESOAK

Preso ohiei egindako harrerak gaitzetsi ditu Urkulluk eta etika aldarrikatu du

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Lehendakariak azpimarratu duenez, ez da lege kontua, etika kontua da. Are gehiago, etikarik gabe ezingo omen da etorkizunean elkarbizitzarik eraiki.

  • Iñigo Urkullu lehendakaria Erriberabeitian, kazetarien aurrean egindako adierazpenetan

    Iñigo Urkullu lehendakaria Erriberabeitian, kazetarien aurrean egindako adierazpenetan. Irekia

Iñigo Urkullu lehendakariak "erabat gaitzetsi" ditu asteburuan Jose Jabier Zabaleta eta Xabier Ugarte ETAko preso ohiei Hernanin eta Oñatin egindako harrera ekitaldiak. Erriberabeitian kazetarien aurrean egindako adierazpenetan azpimarratu duenez, "gutxieneko etikarik gabe ezin da elkarbizitzarik eraiki".

Gisa horretako ekitaldien ondorioz terrorismoaren biktimek pairatzen duten "mina eta haserrea" partekatzen duela azaldu du. "Maila judizialean gisa horretako ekitaldiak baimenduta egoteaz harantzago, gaia etikan datza, elkarbizitzarako etikan", esan du. Are gehiago, haren esanetan, etikarik gabe ezingo da etorkizunean elkarbizitzarik eraiki.

Hori dela eta, biktimen eta senideen oinazea eta sufrimendua aintzat hartzea eskatu die Urkulluk harrera ekitaldiak antolatzen dituztenei.

Bestalde, Oñatiko harreran kazetariekiko egon izan daitezkeen jazarpen egoerak gaitzetsi ditu.

Jonan Fernandez: "Harrerak bateraezinak dira biktimekiko errespetuarekin"

ETAko bi preso ohiri asteburuan Oñatin eta Hernanin egin zaizkien harrerak zeresana ematen jarraitzen du. Jose Jabier Zabaleta preso ohiari larunbatean egin zioten ongietorria Hernanin, eta igandean, berriz, Xabier Ugarte preso ohiari Oñatin.

Hernaniarra larunbatean irten zen Zuerako kartzelatik, 29 urtez preso egon ondoren. Hainbat atentatutan parte hartzeagatik zigortu zuten. Xabier Ugartek, ostera, 22 urte egin ditu espetxean, besteak beste, Jose Antonio Ortega Lara espetxeetako funtzionarioaren bahiketan parte hartzea egotzita.

Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetza zuzendariak Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan adierazi duenez, "2019. urtean gisa honetako ekitaldiak bateraezinak dira giza eskubideekin, etikarekin eta biktimen eskubideen errespetuarekin".

Halaber, "sentikortasunagatik eta errespetuagatik" harrerak ez egiteko eskatu dio ezker abertzaleari.

Segurtasun Sailak ez du ikerketarik abiatu

Bi omenaldien harira, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ez du ikerketarik zabaldu, "lege urraketarik" ikusi ez duelako.

"Erakutsitako ikurrak, ikurrinak eta pankartak, Presoak Etxera leloarekin, ez dira delitu", azaldu dute Segurtasun Saileko iturriek.

Ertzaintzari dagokionez, ez Estatuko Fiskaltzak, ezta Auzitegi Nazionalak ere, "oraingoz" ez diote Estefania Beltran de Herediak zuzendutako Sailari Hernaniko eta Oñatiko ekitaldien inguruko informaziorik eskatu.

Hala eta guztiz ere, biktimen elkarteek eta gobernuek aurkeztutako edo martxan jarritako salaketen eta ekintzen ondorioz zabaldu daitezkeen ikerketetan lagunduko du Ertzaintzak, Sailak erantsi duenez.

Jose Jabier Zabaletari eta Xabier Ugarteri egindako harrerak salatu ditu Covitek

Jose Jabier Zabaleta eta Xabier Ugarte preso ohiei asteburuan egindako harrera ekitaldiak salatu ditu Covite Terrorismoaren Biktimen Elkarteak Auzitegi Nazionalaren aurrean, terrorismoa goratu eta biktimak umiliatu direlakoan.

Hernaniko eta Oñatiko Udalek espazio publikoen lagapenean izan dezaketen erantzukizuna aztertzeko ere eskatu dio Covitek Auzitegi Nazionalari.

Horrez gain, Terrorismoaren Biktimen 4/2008 Lgea urratzea aurpegiratu dio Covitek Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari. Coviteren esanetan, lege horrek "terroristei gisa horretako omenaldiak" egitea saihestea aurreikusten du. Gaineratu duenez, Segurtasun Sailak Ertzaintzaren dotazio bana bidali zuen, baina ez zuen esku hartzeko agindurik eman.

Bestalde, Jose Jabier Zabaletari egindako harrera salatu du AVT Terrorismoaren Biktimen Elkarteak, eta Espainiako jarduneko Gobernuak ikerketa abiatzeko eskatu dio Fiskaltzari.

EA: "Atsekabea sortzen duten ekitaldiak ez dira bizikidetza eraikitzeko eta bakegintzarako tresna onak"

"Atsekabea sortzen duten ekitaldiak ez dira bizikidetza eraikitzeko eta bakegintzarako tresna onak", adierazi du Eusko Alkartasunak. Elkarbizitzan eta bakegintzan euskal gizartea "aurrera begiratzen" ari dela gogorarazi du EAk agiri batean, "eman beharreko pausoak erakutsiz". Zenbait indar politikok, ostera, "atzera gehiegi begiratzen dute jarrera alderdikoietatik, Euskal Herriko gatazkaren hainbat urteetako nahigabea patrimonializatu nahian", deitoratu duenez.

"Eskubide guztiak pertsona guztientzat" premisarekin lanean jarraitzen dutela azpimarratu du alderdiak, 33 urteko ibilbidean egin bezala. "Elkarbizitza hilketen, bahiketen, torturen eta bidegabekerien gainean eraikitzeak oreka milimetrikoa behar du", onartu duenez.

"Ekitaldi bat, biktimak aitortzeko izan, partzial edo alderdikoia izateagatik, edo preso ohiei ongietorriak izan, omenaldiekin nahasteagatik, edozein biktimari kalte egiten die, bizikidetza berrian ez dela posible argi dago. Hori da Eusko Alkartasunaren esfortzua: Ez da legezkotasun edo zilegitasun kontu bat, errespetua eta enpatia baizik", nabarmendu du EAk.

Bestalde, espetxe politikan aldaketa bat "premiazkoa eta beharrezkoa" dela uste du alderdi abertzaleak, "senide edo lagun bat batez beste 750 kilometrora izateak ez dielako harremanen normalizazioari eta pertsonen birgizarteratzeari laguntzen".

"Pertsona horiek zigorra bete dutela ezin da ahaztu, berriro aske izateak hurbilekoak poztea ulergarria da. Orain, bake eragileak sortzen saiatu behar gara. Ez biktima edo gaizkile gehiago", gaineratu du.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena