Faktoria
Aitor Esteban
'Monarkiari buruzko iluntasuna ez argitzeko horma PSOE da'
Jone Larrañaga | EiTB Media
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia berritzeko negoziazioak berrekin eta datorren astean akordioa egongo dela uste du EAJk Espainiako Kongresuko bozeramaileak.
-
Aitor Esteban, EAJko diputatua
25:32 min
"Gauzak ez mugitzeko horma Alderdi Sozialistarena da. PSOE da iluntasunari babesa ematen diona". Horixe adierazi du "Faktoria"n Aitor Esteban Eusko Alderdi Jeltzaleak Kongresuan duen bozeramaileak Espainiako errege emerituen diru kontuez galdetuta. Ogasunarekin dituen arazoak larriak direla gehitu du eta, azpimarratu, are eta larriagoa dela bere agintaldian pilatu duen "dirutza"ren jatorria. Erakunde eta Parlamentuaren aldetik ikerketa egin behar dela aldarrikatu du berriz ere baina esperantza gutxi agertu du alderdi sozialistak ez duelako "borondaterik". Sekretuen legea aldatzeko orduan sozialistek jarrera bera dutela gehitu du eta ez dagoela 23-F-a edo tortura argitzeko benetako interesik. "Ze beldur dago? hainbeste aldarrikatzen duten 'democracia plena' batean onargarria da horrelako legea edukitzea eta horrelako gaiak estalita egotea? Ez da onargarria", esan du.
"Nire ustez Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari buruzko akordioa egongo da datorren astean"
Espainiako koalizio gobernuaz galdetuta, Estebanek iritzi dio legegintzaldia ez dagoela segurtatuta eta "ikusi egin beharko dela urte amaierara nola iristen diren". Aitzitik, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia berritzeko negoziazioei buruz ez du pronostiko erabat ezkorra egin. Azaldu du elkarrizketei berrekin egingo dietela eta iragarri du "bere ustez" akordioa egongo dela "datorren astean".