Itxi

Faktoria

Aitor Esteban, EAJ

"Herri honek badaki nor den Urkullu eta nor Otegi, nor den ekandu onekoa eta nor ekandu txarrekoa"

EAJren Kongresuko bozeramaileak gogor erantzun dio Arnaldo Otegi EH Bilduko buruzagiari, Urkullu lehendakariaren adierazpenak miserableak izan zirela esateagatik.

  • Aitor Esteban: "Nire ustez naziotasun errekonozimendua da jokoan duguna."

    Aitor Esteban. Argazkia: EITB Media

    19:38 min
imagen player
imagen player
imagen player

Aitor Esteban, EAJren Kongresuko bozeramailea, Urkullu lehendakariaren eta Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzailearen artean sortutako azken polemikaren inguruan aritu da Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan. Gogor mintzatu da Ezker Abertzaleko buruzagiaren aurka: "Herri honek badaki nor den Urkullu eta nor den Otegi, zer izan den Urkullu bere bizitzan zehar eta bere traiektorian eta zein den Otegirena; orduan, badaki nor den ekandu onekoa eta ekandu txarrekoa". Udan gertatutako istiluak, Ertzaintzari eraso egitea eta segurtasun neurriak gorde gabe izan diren jende pilaketak justifikatu eta zuritu ezinak direla erantsi du Estebanek.

Balizko erreferendum bati buruz galdetuta, Aitor Estebanek ez du datarik jarri nahi izan: "Balizko eta gurarizko gauzak proposatu eta datak jartzea alperrik da; izan gaitezen serioak eta epe labur zein ertainean egingarriak diren gauzak proposatu ditzagun. Nire ustez, naziotasun errekonozimendua da jokoan duguna orain". Hala, naziotasun sentimendua indartu eta errekonozimendua lortzea "garrantzitsua litzateke gure burua munduan agerian egoteko, eta, batez ere, Europa mailan", esan du Estebanek. Kataluniari buruz, berriz, arazo nazional sakona dagoela iritzi dio, eta ohartarazi dio Pedro Sanchezi hanka-sartze handia litzatekeela indultoekin arazoa amaitu dela pentsatzea.

Espainiako Gobernuarekin dituzten harremanei buruz, dauden konpromisoak betetzea espero duela adierazi du, eta Bizitzarako Gutxieneko Errentaren transferentzia jarri du lehentasun gisa: "Hori mugitu beharko da, osterantzean ez da batera jokatzeko aukerarik izango. Aurrekontuan jarrita ikusi beharko dugu eta pentsatu dezagun hilabete honetan konponduko garela, itxaropentsua naiz". Bestela, esan du Estebanek, "nahiz eta dagoenarekin jokatu beharko dugun, agian zuri berdin zaizkizun gauza batzuetan lagundu beharrean, alferkeria sortu eta astiroago joan daitezke".

Lehiak lehia, Estebanek iragarri du PSOE eta Unidas Podemosen arteko koalizio gobernua mantenduko dela, ez dagoelako beste alternatibarik: "Lurrikara beharko da aldatzeko", esan du.