Ekonomia -

Bizitzeko gutxieneko sarrera

Jaurlaritzak uko egin dio gutxieneko diru-sarrera eskualdatzeko proposamenari

Bere gain hartzeko eginkizunak murrizten dituela uste du, eta ez dituela ematen eskumena egikaritzeko beharrezko giza baliabideak, baliabide materialak eta baliabide ekonomikoak.

Gutxieneko diru-sarrera eskualdatzeko proposamenari uko egin dio Jaurlaritzak. Argazkia: Efe
Gutxieneko diru-sarrera eskualdatzeko proposamenari uko egin dio Jaurlaritzak. Argazkia: Efe
Gutxieneko diru-sarrera eskualdatzeko proposamenari uko egin dio Jaurlaritzak. Argazkia: Efe

EITB MEDIA | AGENtziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak errefusatu egin du Espainiako Gobernuak bizitzeko gutxieneko diru-sarrera eskualdatzeko egin dion proposamena; izan ere, uste du bere gain uzten dituen eginkizunak murrizten dituela, eta ez dituela ematen eskumena egikaritzeko beharrezko giza baliabideak, baliabide materialak eta baliabide ekonomikoak.

Martxoan, Miquel Icetak bilera egin zuen Garamendi sailburuarekin eta publikoki konprometitu zen eskualdatzea erabatekoa izan zedin, zerbitzuak eta egitekoak murriztu gabe, ezta alderdi ekonomikoan ere. Hau da, Eusko Jaurlaritzak prozesu osoa hartu behar luke bere gain, hasieratik amaierara, eta dirulaguntza izapidetu eta baimendu beharko luke.

Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko Sailak uste du Madrildik proposatutakoa "matxuratutako ondasuna" dela, ez dela oso legezkoa, eta EAEren interesen kontrakoa dela.

Era berean, Espainiako Gobernuaren proposamenak EAEri "kalte" egiten diola uste du, eskumena Jaurlaritzari ematea onartzen duen arren, Espainiako Estatuak beretzat hartzen dituelako zenbait eginkizun, eta ez dituelako ematen eskumena guztiz garatzeko giza baliabideak, baliabide ekonomikoak eta baliabide materialak.

Hori horrela, Espainiako Gobernuak Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren kudeaketari eusten dio, Gernikako Estatutuaren 18.2 artikuluan agertzen denaren aurka.

Eusko Jaurlaritzaren arabera, eginkizunak eta zerbitzuak erkidego bati emateko legezko bide bakarra eskualdatzea da, Konstituzioan eta Gernikako Estatutuan hala dagoelako jasota; eta horretarako, eskumena eskualdatzeaz gain, beharrezko baliabideak eskaini behar dira.

Gainera, proposamena onartuta, Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko harremana hierarkikoa izango litzatekeela salatu du, Estatuak gainbegiratu eta fiskalizatu ahalko lukeelako.

Eusko Jaurlaritza Gernikako Estatutuan jasotako eran ari da lantzen eskumena, eta jakinarazi du Espainiako Gobernuarekin negoziatzen jarraituko duela legegintzaldi honetan eskumen guztiak lortzeko, bizitzeko gutxieneko diru-sarrera barne.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak