Itxi

Faktoria

BBBko presidentea

Atutxa: "Ez dugu Otegik bezala polimaitasunean sinisten; sozialistei sinatutakoa betetzeko eskatzen diet"

P.G. | EITb Media

EAJren BBBko presidentearen hitzetan normaltasunean kokatu behar dira PSE-EEren eta EH Bilduren arteko hartu-emanak. Sozialistei leialtasuna eskatu die bereziki Espainian sinatutakoa betetzeko: "Madrilen lehentasunezko harremana izango genuela sinatu genuela ahaztu egiten zaie batzuetan".

  • Ixaso Atutxa, EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidentea

    Ixaso Atutxa, EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidentea

    24:31 min
imagen player
imagen player
imagen player

Itxaso Atutxaren hitzetan, "beti izan dira sozialisten eta EH Bilduren arteko hartu-emanak, batzuetan agerian eta beste batzuetan modu diskretuan. Hori ez da berria, normaltasunaren barruan kokatu behar dira Euskadiko sozialistak eta EH Bilduren arteko harremanak eta hainbat udaletan lortu dituzten akordioen antzeko gehiago izango dira, "Durangon esate batera".  EH Bilduren buruan beti egon dela ahalegin hori gaineratu du "Faktoria"n: "Bere helburua ez da ezkerreko gobernu indartsu bat osatzea; gehiago, EAJ gobernutik botatzea eta hori ere zilegi da. Lehen indarra izateko gogoz sortu ziren baina horretarako beste norbaiten laguntza behar dute eta hori sozialistek ikusi beharko dute norekin eta zer egiteko eta zein programaren inguruan lortu nahi dituen adostasunak".

BBBko presidenteak zilegi jo du Jaurlaritzan, aldundietan eta udal askotan EAJrekin akordioak izan arren, sozialistak eta ezker abertzalearen arteko beste harremanak izatea. Ez du uste, ordea, PSE-EEren edo PSOEren barruan, denak iritzi berekoak direnik: "Argi ikusten ez dudana da alderdi sozialistak iritzi bakarra duen. Bizkaian entzun genuen atzo ez dutela epe laburrean, 2023ko hauteskundeei begira, tripartituaren aukera ikusten. Baina beste alde batetik badaude beste maniobra batzuk PSE-EEren eta PSOEren exekutibetan eta Bilduren beharra ere badaukate, Madrilen edo Iruñean".

Estatuko aurrekontuen negoziaketari dagokionez, EAJk gobernuaren egitasmoari osoko zuzenketa aurkezteko aukera mahai gainean dagoela berretsi du: "Ostirala arteko epea dago eta gure borondatea azaldu du adostasunetara iristeko baina ez dago ezer itxita. Adostutakoa betetzen, sinatzeko eskaintzen denak ze berme izango du? Apustua serioa dela erakutsi behar dute. Gure aldeko botorik gabe, nahikoa badu, aurrera egiteko aukera berea da. Baina Sanchezen gobernuak ikusi beharko du norekin egin nahi duen argazkia".

Jaurlaritzak gaur onartuko duen aurrekontu egitasmoaz bestalde, gobernuan ez dauden beste alderdiekin akordioetara iristeko eskaintza benetakoa dela azpimarratu du "nahiz eta gehiengoa izan aurrea egiteko", eta ez du aurreratu zien alderdirekin dagoen akordio batera iristeko aukera gehien.

Espainiako koalizio Gobernuan lan erreformaren inguruan sortutako krisiaz, berriz, BBBko buruak ez du uste gobernua hautsiko denik.  PPren lan erreformaren aurka daudela berretsi eta aldaketa behar direla azpimarratu du eta kontsentsua eskatu du aldaketa horiek egiteko.

Azkenik, elkarbizitzaren bidean sakontze aldera, joan den astean izandako adierazpenen harira, egoera nahastu egin dela iritzi dio Atutxak.  Ezker abertzaleak argitasun gutxiz jokatu duela adierazi du: "Oso ezberdina izan zen Aieten esan zutena eta gero Otegik Eibarren adierazitakoa. Nahastu egin dira gauzak eta ez da ona, oztopoak kendu behar dira etorkizunerako".