Politika -

Lan erreforma

PSOEk eta Unidas Podemosek ez dute akordioa lortu lan erreformaren inguruan, eta negoziatzen jarraituko dute

Espainiako Gobernua osatzen duten bi alderdiek bilera egin dute astelehen gauean, lan erreformaren harira izandako desadostasunak konpontzen saiatzeko.

Yolanda Díaz, Nadia Calviño eta Ione Belarra ministroak. Argazkia: EITB Media
Yolanda Díaz, Nadia Calviño eta Ione Belarra ministroak. Argazkia: EITB Media
Yolanda Díaz, Nadia Calviño eta Ione Belarra ministroak. Argazkia: EITB Media

AGENTZIA | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSOEk eta Unidas Podemosek bilera egin dute astelehen gauean lan erreforma nola egin adosteko, baina ez dute akordiorik lortu eta negoziatzen jarraitu beharko dute. Azken egunetan, desadostasunak izan dira bi alderdien artean, eta, beraz, bilera deitu behar izan dute horiek konpontzen saiatzeko. Batik bat, erreforma zer ministeriok gidatu behar duen eta erreforma norainokoa izan behar den dira polemika eragin duten puntu nagusietako batzuk.

PSOEtik adierazi dute bilera "eraikitzailea" izan dela eta "tonu onean" egin dutela. Unidas Podemosetik, aldiz, azpimarratu dute oraindik ez dagoela akordiorik, eta negoziatzen jarraitu behar dutela.

Bilera Unidas Podemosek eskatu zuen; izan ere, erreforma egitea Yolanda Diazen Lan Ministerioari dagokiola uste dute, eta Nadia Calviñoren Ekonomia Ministerioaren partetik "esku-sartzeak" daudela salatu dute.

Horren ildotik, Pedro Sanchez presidenteak esan du erreforma egitea Gobernu osoari dagokiola, gai garrantzitsua delako. Horregatik, Ekonomia Ministerioaren ordezkariren batek ere negoziazioan parte hartzea nahi du.

Bileran hainbat buruzagik hartu dute parte. PSOE ordezkatuz, hauek izan dira: Felix Bolaños Presidentzia ministroa, Maria Jesus Monterio Ogasun ministroa, Adriana Lastra PSOEko 'bigarrena' eta Hector Gomez PSOEk Kongresuan duen bozeramailea. Unidas Podemosen aldetik, aldiz, hauek: Ione Belarra Eskubide Sozialetako ministro eta Podemoseko idazkari nagusia, Irene Montero Berdintasun ministroa, Pablo Echenique bozeramailea, Enrique Santiago 2030 Agendarako Estatu idazkaria, Joseb Vendrell Lan Ministerioko kabinete burua eta Joaquin Perez Lan Ministerioko Estatu idazkaria.

Sanchez: "Gobernu osoak du konpromisoa"

Bilera hasi baino ordu batzuk lehenago, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak nabarmendu du "Gobernu osoak" duela konpromisoa lan-legeria "modernizatzeko".

Nabarmendu duenez, lan-legeak aldatzeak hiru helburu ditu: lan-prekaritatea desagerraraztea, ekonomian lehiakortasuna bultzatzea eta enpresarien eta langileen arteko negoziazioan "oreka berriro ezartzea". Aurretik, Espainiako Gobernuko presidenteak aldeztuta zuen erakundeak "modernizatzea, ahalik eta aukera gehien sortze aldera, eta ekonomia-hazkunde horren etekinak ahalik eta zuzenen banatzea xede". Hori dena, esan duenez, "adostasun handiena lortuta" egin behar da.

Diazek jarrera "argitzeko" eskatu dio PSOEri

Testuinguru horretan, Espainiako bigarren presidenteorde eta Espainiako Gobernuko Lan ministro Yolanda Diazek eskaria egin dio PSOEri. "Gobernuan gehiengoa duen beste alderdia dela kontuan izanik", PPren lan-erreformaren gaineko eztabaidan "jarrera argitzeko" eskatu dio, "bereziki, adierazpen desberdinak egiten ari direlako".

Diazek gaitzetsi duenez, "Gobernuaren zati bat, oraindik ere, lan-legea aldatzeko edukiak ere ari da eztabaidatzen". Hala, astelehen honetako bileraz galdetuta (Unidas Podemosek eskatu zuen koalizioaren egoera jarraitzen duen mahaia deitzea, Nadia Calviño Espainiako lehen presidenteordeak esku-sartzeak egin ostean), bigarren presidenteordeak "negoziatzaileei lan egiten uzteko" eskatu du, negoziazio hori "egoera zailean" ari direla egiten onartuta.

Calviñoren iritziz, Espainiako Gobernuak ahots bakarra izan beharko luke

Espainiako Gobernuko lehen presidenteorde eta Ekonomia Gaietarako ministro Nadia Calviñok berak nabarmendu du Espainiako Gobernuak "ahots bakarra" izan behar duela, besteak beste, lan-erreformaren aurrean, eta, gaineratu duenez, "garrantzitsua da ministerioen artean koordinazio egokia eta lankidetza ona egotea".

"Ez da garrantzitsua ministro batek ala beste batek egitea adierazpenen bat; garrantzitsua da Gobernuaren jarrera adieraztea, eta, horretarako, beharrezkoa da koordinazio egokia eta lankidetza ona izatea, eta kontu bakoitzean nahastuta dauden ministerio guztietako ordezkaritza egotea", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan Erreformaren Legea Politika PSOE Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Yolanda Diazen adierazpenak