Itxi

Faktoria

Eusko Alderdi Jeltzalea

Aitor Esteban: "Ez dut baztertzen legegintzaldi bukaerara PSOE Gobernuan bakarrik dela iristea"

Jone Larrañaga | EITB Media

Abiadura Handiko Trenaz adierazi du "ez duela ulertzen" Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuak joan den astean izan zuen jarrera eta nola antolatu zuen Espainiako garraio ministroarekin hitzordu bat Gasteizen, modu horretan.

  • Aitor Esteban

    Aitor Esteban

Espainian, legegintzaldia bukatuko dela uste du Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramaileak, baina ez dago "bat ere ziur" PSOE eta Podemos gobernuan batera direla iritsiko direnik. Hauteskundeak gerturatu ahala, kide biek soslaiak indartu egingo dituztela aurre ikusten du eta ez du baztertzen sozialistek bakarrik burutzea legegintzaldiaren azken zatia. "Ez bihar goizean, baina gerta daiteke", esan du "Faktoria"ri eskainitako elkarrizketan.

Bi gobernukideen arteko lidergo borroka horretan kokatu ditu azken aste hauetan Espainian izaten ari diren negoziazio gai nagusiak ere, besteak beste, lan erreforma edo mozal legeak bertan behera uzteko ekimenei buruzkoak. Estebanen arabera, orain albiste tankeran zabaltzen ari direnak lehendik ere adostuta zeuden.

Aurrekontuen negoziazioari dagokionean, aste hau "oso garrantzitsua" izango dela adierazi du Estebanek eta euren babesaren truke "pakete moduan" defendatuko dituztela joan den ostiralean zuzenketa moduan proposatutakoak, nahiz eta onartu duen gutxieneko errenta eta AHTa bultatzeko abiadurak duela pisurik handiena. Bizitzeko gutxieneko diru sarreraz, berriz, adierazi du "pertsona batzuen erreferentziak gaindituta", abenduan edo urtarrilean etorri beharko lukeela transferentziak.

"Ez dut ulertzen Arriolaren jarrera"

Abiadura Handiko Trenaz, aldiz, adierazi du "ez duela ulertzen" Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuak joan den astean izan zuen jarrera eta nola antolatu zuen Espainiako garraio ministroarekin hitzordu bat Gasteizen, jakinik, egun horretan bertan Juan Mari Aburto Bilboko alkateak estatu idazkariordearekin bilera zuela Madrilen abiadura handiko trena Bilbon sartzeko proiektuaz. Jakinarazi du bilera horretan aurrera pausoak eman zirela eta dokumentazioa trukatuko dutela aste honetan. Aldiz, uste du Gasteizkoan ez zela konpromiso handirik atera eta iritzi dio Arriolak gauzak gehiago aurreratuta eduki beharko lituzkeela horrelako bilerak egin aurretik.