Itxi

Faktoria

EH Bildu

Maddalen Iriarte: "Positiboa litzateke UPNko Iñaki Iriartek esandakoak Eusko Legebiltzarrean entzutea"

MIkel Rotaetxe | EITB Media

Elkarbizitzan aurrera egiteko urratsak ematea "denei" dagokiela esan du "Faktoria"n EH Bilduko Maddalen Iriartek, eta "eskergarria" litzatekeela UPNko Iriarteren aitortza Gasteizen entzutea. EAEko aurrekontuez, Jaurlaritzak EH Bilduren sei konpromisoetatik bakarra onartu duela deitoratu du.

  • Maddalen Iriarte

    Maddalen Iriarte

    24:00 min
imagen player
imagen player
imagen player

Bakearen eta elkarbizitzaren bidean egiten diren adierazpenak "baikor" hartu behar direla esan du Euskadi Irratiko "Faktoria"n Maddalen Iriarte EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak, eta ongietorria eman die Nafarroako Parlamentuan Iñaki Iriarte UPNko parlamentariak eginiko autokritika-hitzei, Zabalza, Arregi eta Rodriguezen kasuak tarteko: "Positiboa litzateke Iriartek esandakoak Eusko Legebiltzarrean entzutea; eskergarria litzateke beste alde batzuek ere urratsak ematea". Elkarbizitzan aurrera egiteko, EH Bilduren eledunak garrantzia eman die iragan astean Arkaitz Rodriguezek eta Eneko Anduezak biktimen aitortzaren inguruan eginiko adierazpenei.

Datorren urteko EAEko aurrekontuez, Iriartek azaldu du EH Bildu "negoziatzeko eta akordioak erdiesteko" prest dagoela, eta "sakon eta zorrotz" aztertuko dutela Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak atzoko bileran emandako erantzuna. Deitoratu du, baina, ezkerreko subiranistek helarazitako sei konpromisoetatik bakarra onartu duela Jaurlaritzak, gutxieneko soldatari buruzkoa. "Zerga politikari buruzko ponentziari ezetz esan dio Azpiazuk", deitoratu du Iriartek, "eta fiskalitatea ezinbestekoa da aurretik ditugun erronken tamaina ikusita". Alokairuaren prezioa mugatzearen inguruan, Iriartek dio "akatsa" dela "Madrilek zer erabakiko zain" egotea, eta salatu du CONFEBASK "presioan" ari dela, kooperatibetako langileak Lanbidetik kanpo uzteko. Inbertsioez, Iriartek uste du Jaurlaritzak "ahalegin handiagoa" egin zezakeela Osakidetzan lehen arreta indartzeko.

Pandemia, Covid ziurtagiria eta Bilboko manifestazioa

Covid ziurtagiriaz galdetuta, ebidentzia zientifikoari jarraitzeko deia egin du EH Bilduren bozeramaileak: "Ziurtagiriak erakusten du norbera txertatuta dagoen, baina ez birusaren barreiatzaile ote den". Neurriaren eraginkortasuna aztertzeaz gain, Iriartek dio "ordena" behar dela, ekitaldiak bertan behera utzi edo ez hartzeko erabakia ez dadin "oso osorik udalen bizkar geratu. Azkenik, EH Bilduk larunbaterako Bilbon deitu duen manifestazioaz, Iriartek esan du segurtasun-neurriak "zorrotz" zainduko dituztela, eta "deigarria" dela egunotan egiten ari diren beste mobilizazioez "inork ezer ez esatea".