Faktoria
Covid ziurtagiriaz
Lopez Basaguren: "Auzitegiaren ebazpenak harritu nau, baita Jaurlaritzak errekurtsorik ez aurkezteak ere"
P.G.| EITb Media
EHUko Konstituzio Zuzenbideko katedradunaren hitzetan, "covid agiria erakusteko beharra izateak oso modu arinean urratzen ditu oinarrizko eskubideak eta guztiz egokia, beharrezkoa eta proportzionala da, Gorenak jada esan duen modura". Salatu du erantzukizuna legegileena dela, ez epaileena.
-
Alberto lopez Basaguren, EHUko konstituzio zuzenbideko katedraduna
12:47 min
Alberto Lopez Basaguren EHUko Konstituzio Zuzenbideko katedradunaren esanetan, Euskadiko Auzitegi Nagusiak ez du jarraitu Auzitegi Gorenak covid-19 ziurtagiriaz ezarri dituen irizpideak jarraitu oinarrizko eskubideen urraketa aztertzerakoan: "Gorenak egin du jada horrelako azterketa bat eta argi utzi du, eta ni bat nator, covid agiria, txertatua izatearen agiria, erakutsi behar izateak oso modu arinean, txikian, urratzen dituela oinarrizko eskubideak, eta, horren aurrean, guztiz egokia, beharrezkoa eta proportzionala dela". Euskadiko Auzitegi Nagusiko administrazio auzietarako aretoari leporatu dio bere ebazpenean ez duela azterketa juridiko osoa egin.
Jaurlaritzari dagokionez, harrituta azaldu da hasieratik esan duelako ez duela errekurtsorik aurkeztuko: "Nik ez dakit zein errakuntza izan dituen Jaurlaritzak bere txostenean; esan behar da zein neurri mota eskatzen den bezain garrantzitsua dela zein arrazoitan oinarritzen den eskaria. Hori esanda, ez dut uste arazo handiegirik izango zenik, Gobernuak errekurtsoa aurkeztuz gero, Gorenak ontzat emateko".
Galiziako eredua
Zentzu honetan, Galizian Xuntak hartutako bidea egoki jo du, neurria ez zelako orokorra izan, hau da, herri jakin batzuetarako eta denboran mugatua izan zelako: "Jaurlaritzak oso erraza zuen Xuntaren aginduak zituen bi ezaugarri horiek aintzat hartzea".
Lopez Basagurenek argi utzi nahi izan du arazoaren oinarrian legeak daudela: "Dauden legeak ez dira egokiak pandemia bati aurre egiteko. Bi urte daramatzagu hori esaten. Erantzukizuna ez dago, beraz, epaileengan legegileengan baizik. Osasun publikoaren oinarriak ezartzea Estatuari dagokio, Estatu mailako legea behar da, funtsezkoa".