Gizartea -

Koronabirusa

EAEko Auzitegi Nagusiak ez du baimendu covid-19 ziurtagiria ezartzea

Atzera bota du, beraz, Jaurlaritzaren eskaria: 50 pertsonako edukieratik gorako jatetxeetan, dantzalekuetan, diskoteketan, ikuskizun aretoetan, tabernetan eta karaokeetan ziurtagiria eskatzea.

Covid ziurtagiri digitala. EITB Mediako artxiboko irudia.
Covid ziurtagiri digitala. EITB Mediako artxiboko irudia.
Covid ziurtagiri digitala. EITB Mediako artxiboko irudia.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko Auzitegi Nagusiak ez du baimendu covid-19 ziurtagiria ezartzea ostalaritzan eta gaueko aisialdiari lotutako lokaletan. Beraz, atzera bota du Jaurlaritzaren eskaria eta 50 pertsonako edukieratik gorako jatetxeetan, dantzalekuetan, diskoteketan, ikuskizun aretoetan, tabernetan eta karaokeetan ez da pasaportea erakutsi beharko. 

Goizeko 09:30etik bilduta egon ostean, erabaki hori hartu du auzitegiak. Erabakiak bi epaileren babesa du, eta Luis Garrido presidentearen boto partikularra, gehiengoaren iritziarekin bat ez datorrelako, 'Covid pasaportea' ezartzea baimendu behar zela iritzita. Orain 3 eguneko epea du Jaurlaritzak errekurtsoa aurkezteko erabakiaren kontra.

Jaurlaritzaren asmoa covid pasaportearen derrigortasuna hainbat tokitan ezartzea zen: 50 lagunentzako baino gehiagorentzako lekua duten jatetxeetan, diskoteketan, dantzalekuetan, ikuskizundun dantzalekuetan, musika-tabernetan eta karaokeetan ere, baita pubetan eta taberna berezietan ere, baldin eta udalerrian 150etik gora intzidentzia bazuen.

Epaileentzat, zuzenbide Estatu batean, helburuak ez ditu bitartekoak arrazoitzen, eta kasu honetan, oinarrizko eskubide ugari ukitzen dituela neurriak uste dute.

Berdintasuna eta intimitatearena, elkartzeko eskubidea, toki publikoetara sartzeko edonork duena, edota karaoketan landu daitekeen sorkuntza artistikoarena, besteak beste.

Horrez gainera, kutxatze kopuruari dagokionez, egoera ezberdinak daudela herri batean eta bestean, eta ez dela proportzionala neurri bera aplikatzea Euskal Autonomia Erkidego osoan. Gainera, autoaren arabera, jende gehiena txertatuta dago, eta ez da bidezkoa ziurtagiria bezeroari eskatzea baina bertako langileei ez.

Guztia kontuan hartuta iritsi da ezezkoa Euskadiko Auzitegi Nagusitik, Luis Garrido epaileak neurria ezartzearen aldeko botoa eman duen arren.

Eusko Jaurlaritza "harrituta" eta erabaki "ulertu ezinik" agertu da. "Sistema judizialaren beraren aldez aurreko iritzi ezagunez gain, beste autonomia-erkidego batzuetan ontzat ematen diren neurriak Euskadin oinarrizko eskubideak urratzen dituztela uste baita", azpimarratu du Jaurlaritzak.

Europar Batasunak sortu zuen ziurtagiria pandemian estatu kideen arteko mugikortasuna errazteko; baina erabilera zabaldu egin da, eta indarrean dago Ipar Euskal Herrian, beste herrialde batzuetan eta Estatuko erkidego batzuetan, tartean Galizian, Katalunian eta Balearretan, gaueko aisialdiarekin lotuta bereziki.

Fernando Simon Osasun Alerta eta Larrialdien Koordinazio Zentroko zuzendariak esan zuen ez zuela zentzurik ostalaritza lokaletan sartzeko dokumentua eskatzea, herritarren % 90ek txertaketa ibilbidea egina duelako.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Iñigo Urkullu Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Txertoak Koronabirusa Anbulatorioak Osasun-larrialdi egoera amaitu da EAEn 2022 EBko covid ziurtagiri digitala