Itxi

Faktoria

EHU-ko mikrobiologoa

Miren Basaras: "Neurri murriztaileak beharrezkoak dira birusaren transmisioa eteteko"

P.G. | EITB Media

EHUko mikrobiologoak zuhurtasunez eta kezkaz hartu ditu pandemiaren amaiera badatorrela dioten ahotsak: "Ez dakigu birusaren bilakaera zein izango den, ez beste aldaerarik etorriko den, ezta ditugun txertoak pandemia hau gainditzeko nahikoa diren ere".

  • "Testak egin behar dituzte sintomak dituzten pertsonek. Estrategia birplanteatu egin behar da".

    "Testak egin behar dituzte sintomak dituzten pertsonek. Estrategia birplanteatu egin behar da".

    8:10 min
imagen player
imagen player
imagen player

Miren Basaras EHUko mikrobiologoak ohartarazi du positibotasun tasa etenik gabe igotzen ari dela, ospitaletan eta ZIUetan presioa gero eta handiagoa dela, eta hildakoen kopurua ere areagotzen ari dela; "batez beste egunero lau heriotza izan ditugu", gogorarazi du. Horregatik, transmisioa eteteko neurri murriztaileak beharrezkoak direla berretsi du.

Antigeno testei buruz adierazi du negatibo faltsuak egon daitezkeela, baina baita positibo faltsuak ere. Horregatik, positiboak PCR bitartez baieztatzearen aldeko azaldu da.  Kritiko agertu da, berriz, antigeno testak neurririk eta irizpiderik gabe zabaldu direlako: "Testak egin behar dituzte sintomak dituzten pertsonek eta euren kontatu estuek. Hori da lehentasuna. Orain izan den testen zabaltze horrek gure lehen arretako sistema presiopean jarri du, eta aztarnariak iritsi ezinean utzi ditu. Estrategia birplanteatu egin behar da".

Berrogeialdia 10 egunetik erdira murriztearen aurka azaldu da, lehen bost egunak etxean pasa eta gero, "epidemiologikoki aztertuta, pertsona horiek birusa transmititu dezaketelako oraindik ere. Nire iritziz, etxean gelditu beharko lukete".

Azkenik, pandemiaren amaiera badatorrela dioten zientzialarien aurrean, zuhurtzia eskatu du: "Beldurra ematen didate horrelako mezuek, pandemian murgilduta segitzen dugulako, eta ezin delako esan, une honetan, pandemiaren amaiera ikusten ari garela. Ez dakigu birusaren bilakaera zein izango den, ez dakigu beste aldaerarik etorriko den, ezta dauzkagun txertoak nahikoak izango diren ere pandemia honi aurre egiteko. Adierazpen horiek zuhurtasunez eta kezkaz hartu ditut".