Faktoria
Esklerosi anizkoitza
Ainhoa Alberro, biomedikuntzan doktorea: "Ikerketak ez du frogatu birusa esklerosiaren eragile zuzena denik"
OIhane Yustos | EITB Media
Harvardeko unibertsitateak zuzendu duen ikerketaren arabera, mononukleosi gaitza edo garai batean 'musuaren gaixotasuna' moduan ezagutzen zena eragiten duen birusak harreman zuzena du esklerosi anizkoitzaren sorreran.
-
Ikertzaile bat laborategian. Argazkia: EITB
5:55 min
Science adizkari zientifikoak argitaratu duen ikerketa batek dantzan jarri ditu munduko dozenaka zientzialari eta batez ere, esklerosi anizkoitza duten gaixoak. Harvard Unibertsitatean egin duen ikerketaren arabera, mononukleosi gaitza eragiten duen Epstein-Barr birusak harreman zuzena du esklerosi mota honetan. Aspaldi ari ziren zientzialariak hartu-emana ikertzen eta orain frogatutzat eman dute.
Ikerketa osoaren xehetasunak irakurri zai, Ainhoa Alberro biomedikuntzan doktoreari eskatu dizkiogu azalpenak "Faktoria" albistegian. Lisboako unibertsitatean lanean ari da orain, esklerosi anizkoitzari buruzko ikerketa batean. Harvard-eko txostena garrantzitsua bada ere, Alberrok dio ezin dela esan birusa eta gaitzaren artean "kausa-efektu" zuzena dagoenik. "Populazioaren % 80-90 Epstein Barr birusa du uneren batean, baina kopuru horretan ez da garatzen esklerosi anizkoitza". Baina, ikerketak utzi du ondorio argi bat, Alberro doktoreak dioenez, "birus honekin infekzioa eduki izanak 32 aldiz handitzen du esklerosi anizkoitza garatzeko".
Esklerosia duten gaixoen artean itxaropena piztu dela aitortu digute. Leire Abellaneda da horietako bat, medikua da, eta esklerosi anizkoitza diagnostikatu zioten duela 13 urte. Aurrera begira, "botika edo tratamendu bati" ateak zabaltzen dizkion ikerketa izan litekeela uste du. Izan ere, esklerosi mota hori gaixotasun degeneratiboa da, larria, garuna babesten duen nerbio sistemari eragiten dio. 3.000 herritarren artean batek izaten du gaitza eta oraingoz, ez du sendabiderik.