Faktoria
Klima aldaketa Euskal Herrian
Nahia Gartzia Bengoetxea, NEIKER: "Donostialdean dute lurzorua higatzearen arrisku handiena"
MIkel ROtaetxe | EITb Media
Euskarri hutsetik harago, bioaniztasun-iturri da lurzorua, eta erregulatzaile gakoa karbonoaren zikloan. Nahia Gartzia Bengoetxea NEIKEReko ikerlariarekin aztertu ditugu klima aldaketan lurzoruan eragindako kalteak, eta Euskal Herrian dauden mehatxuak.
-
Luiziak
8:52 min
Unibertso bat dugu oinazpian. Lurzoruak planetako bioaniztasunaren laurdena hartzen du, pieza gakoa da karbonoaren zikloan, elikagai-iturri garrantzitsua da eta mehatxatuta dago. Nazio Batuen txosten baten arabera, planetako lurzoru emankorren herena degradazio-bidean da, eta urtean 50.000 km2 lurzoru galtzen da urtero.
Klima larrialdiari buruzko "Faktoria"ko tartean, Euskal Herriko lurzorua higatzen ari dela ohartarazi du Nahia Gartzia Bengoetxea Baso Zientzietako ikerlariak: "Gure proiekzioen arabera, Euskal Herriko ipar isurialdean erregistra litezke higadura-daturik larrienak, berezik Donostialdean". Lurzorua malkartsua eta hezea da berez, eta euriteen indarra areagotuz gero, urrakortasuna handituko dela ohartarazi du, eta horrek eragina izan dezakeela eguneroko bizitzan: "Sedimentuak ibaietara iristen badira, partikulez betetzen dira ur-erreserbak eta edaten dugun uraren kalitateari eragin diezaioke".
Atlantikoko kostaldetik harago, Arabako Errioxan lurzoruaren higatzeak eragin ditzakeen kalteez, eta urratzearen ondorio ekologikoez aritu zaigu.